Politika -
Hauteskundeak Frantzian
Sarkozyk porrota onartu eta Hollande zoriondu du
"Orain Frantzia bakarrik izan behar dugu buruan, gure herriaren handitasuna", esan die Sarkozyk etengabe oihuka eta animoak emanez entzuten zioten jarraitzaileei.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak hauteskundeetan jasotako porrota onartu du. Gainera, Sarkozyk berak iragarritakoaren arabera, Hollanderekin telefonoz hitz egin du eta zorterik onena desiratu dio.
"Orain Frantzia bakarrik izan behar dugu buruan, gure herriaren handitasuna", esan die Sarkozyk etengabe oihuka eta animoak emanez entzuten zioten jarraitzaileei.
"Presidentea naiz, buruzagia nintzen, eta huts egite bat dagoenean, buruan dagoenak hartu behar du egindakoaren ardura", esan du Sarkozyk.
Etorkizun politikoa
Etorkizun politikoari dagokionez, Sarkozyk esan du "frantziarren artean herritar arrunta izateko" prest dagoela. Hala ere, ez du zehaztu politikatik erabat aterako den, hauteskundeetako kanpainan bertan esan zuen moduan.