Politika -

Hauteskundeak Frantzian

Sarkozy, murrizketen beste biktima bat

Frantzian emango den aldaketa politikoa jauzi kualitatiboa da herrialdeak Europar Batasunaren politiketan duen indarragatik eta Alemaniarekin batera osatzen zuen ardatza hautsi egingo delako.

Sarkozy, murrizketen beste biktima bat. Argazkia: Efe
Sarkozy, murrizketen beste biktima bat.
Sarkozy, murrizketen beste biktima bat. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia krisiak Europako beste agintari bat jan du, Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta UMP alderdi kontserbadorearen hautagaia. François Hollande sozialistak irabazi du Frantzian, eta aldaketa hori jauzi kualitatiboa da herrialdeak Europar Batasunaren politiketan duen indarragatik eta Alemaniarekin batera osatzen zuen ardatza hautsi egingo delako. Azken horrekin, dagoeneko hamabi dira 2010ean krisia hasi zenetik Europan izan diren presidente aldaketak.

Agerikoa da herritar asko haserre daudela Europako herrialde asko, krisitik ateratzeko, ezartzen ari diren austeritate politikekin. Askorentzat, Frantziako hauteskunde presidentzialen emaitzak murrizketen, Nazioarteko Funtsaren eta Europar Batasunaren politiken porrota dira.

Emaitza horiekin, Merkel-Sarkozy ardatza pitzatu egin da eta inkesten arabera, erortzen hurrengoa Alemaniako kantzilerra izan daiteke, duela hilabete batzuk baino emaitza txarragoak ematen baitizkiote.

Boto-emaileek boterean zeuden alderdiak zigortu dituzte batez ere, ideologikoki nongoak diren kontuan izan gabe. Hala ere, eskuin muturreko alderdiek gorakada nabarmena izan dute (Belgika, Herbehereak eta Finlandia). Frantzian lehenengo itzulian geratu zen agerian eskuin muturraren gorakada, Marine Le Penen hautagaitzak botoen % 17,9 lortu baitzuen.

Krisiagatik Europan izan diren aldaketa politikoak 2010eko maiatzean hasi ziren, Erresuma Batuko hauteskundeekin, izan ere, laboristek historiako porrot handiena jasan zuten eta kontserbadoreek koalizio gobernua osatu zuten liberalekin, lehenengo aldiz 70 urtetan. Gero Belgikako eta Herbehereetako hauteskundeak etorri ziren, eta han ere boterean zeuden alderdiak zigortu zituzten.

Belgikan demokristauak zigortu zituzten eta N-VA independentista flandriarrek irabazi zuten, Waloniako sozialisten aurretik. Herbehereetan ere demokristauek galdu egin zuten liberalen mesedetan, nahiz eta azpimarragarriena PVV eskuin muturreko alderdiak hirugarren postua lortu zuela izan. Alderdi horren babesa ezinbestekoa izan zen liberalen eta demokristauen koalizio gobernua eusteko eta defizita txikitzeko murrizketa neurriei uko egin zienez, Gobernuak dimisioa eman behar izan zuen apirilaren 23an. Datorren iralaren 12an hauteskunde legegileak egingo dituzte.

2011ko otsailean, Irlandak hauteskunde aurreratuak egin zituen eta 1997tik agintean zegoen Fianna Fail alderdi errepublikanoak porrota jaso zuen Fine Gael alderdi kontserbadorearen aurrean. Urte bereko ekainean, Portugalen kontserbadoreek irabazi egin zieten agintean zeuden sozialistei. 11 urtez agintean egon ostean, zentro-eskuinak hauteskundeak galdu zituen Danimarkan eta zentro-ezkerra gailendu zitzaion.

Espainian ere aldaketa izan zen 2011ko azaroan, PSOEri gailendu baitzitzaion PP kontserbadorea. 2011 amaitzeko, Eslovenian egin zituzten hauteskunde aurreratuak eta bertan sortu berri den alderdi ezkertiarrak irabazi zuen agintean zegoen alderdi sozialdemokrataren aurretik.

Greziaren eta Italiaren kasuak desberdinak dira, izan ere, gobernuak ordezkatu egin zituzten eta buruzagi teknokratak jarri. Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroak dimisioa eman zuen azaroaren 9an nazioartearen presioagatik eta bigarren erreskatea jasotzeko zalantzengatik, eta Lucas Papadimosek hartu zuen bere lekua, Europako Banku Zentraleko agintari batek.

Italian, Silvio Berlusconiren Gobernua azaroaren 12an erori zen eta hurrengo egunean Giorgio Napolitano presidenteak Mario Monti Europar Batasuneko komisario ohiari eman zion Gobernua osatzeko agindua.

Agintean zegoen alderdi kontserbadoreak eutsi egin zuen Finlandian eta garaipen estua eskuratu zuen. Hala ere, azpimarragarriena eskuin muturraren gorakada izan zen, 2007an halako zortzi diputatu lortu baitzituen. Eskuindarren garaipena 2012ko otsaileko hauteskunde presidentzialetan baieztatu zen, 1956tik lehenengo aldiz presidente kontserbadorea hautatu baitzuten, Sauli Niinisto.

Eslovakian ere gobernu aldaketa izan da, sozialdemokratek kontserbadoreei irabazi baitzieten hauteskunde orokorretan, martxoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea