Politika -
Hauteskundeak Frantzian
Kataluniar bat, Frantziako lehen ministro?
Inkesta baten arabera, frantziarrek Manuel Valls Bartzelonan jaiotako diputatu frantziarra nahi dute lehen ministro kargurako.
Erredakzioa
Manuel Valls kataluniar jatorria duen diputatu sozialista da frantziarren faboritoa François Hollande presidentearen Gobernuko lehen ministro izateko, Le Parisien egunkariak publikatutako inkesta baten arabera.
Dena dela, hedabideen eta adituen ustez, lehen ministro izateko benetako faboritoak Martine Aubry Alderdi Sozialistako burua eta Jean-Marc Ayrault talde parlamentarioko presidentea dira. Valls Barne ministro karguan ikusten dute.
Manuel Valls Bartzelonan jaio zen, 1962ko abuztuaren 13an. Aita Xavier Valls margolari kataluniarra da, eta ama Luisangela Galfetti italiarra.
2001ean, Evry herriko alkate aukeratu zuten, eta 2002an diputatu. Harrezkero, gora egin du alderdi barruan.
17 urte zituenean egin zen Alderdi Sozialistako kide, baina frantziar herritartasuna ez zuen lortu 20 urte bete zituen arte. Horrenbestez, ezin izan zuen bozkatu 1981eko hauteskundeetan, François Mitterrandek sozialisten lehen garaipena eskuratu zuenean.
Sozialisten artean, Valls zentristen sektorekoa da, eta "sozial-liberal frantziar"tzat du bere burua.
26 urte zituenean, Michel Rocarden Gobernuan sartu zen, lehen ministroaren eta Parlamentuaren arteko harremanen buru gisa. 2002an sartu zen lehen aldiz Asanblea Nazionalean, eta harrezkero haren ospea handitu egin da, Evry herriko alkatetzan egindako lana dela eta.
Evryn langileak dira nagusi, eta garai horretan segurtasun arazo ugari zituen. Horregatik, segurtasun gaietan aditutzat jotzen dute.
2011n, Alderdi Sozialistaren presidentegaia izateko aurkeztu zen, baina azkenean azken-aurrekoa izan zen sei hautagaien artean.
Ondoren, barne hauteskundeen irabazleak, Hollandek, bere kanpainako bozeramaile izendatu zuen.