Politika -
Hauteskunderik ez
Lehendakaria: 'Duela hiru urte hartutako konpromisoari eutsiko diot'
PPk PSErekin zuen ituna hautsi duen arren, Patxi Lopezek ez ditu hauteskundeak deituko. Aitzitik, ez du argitu legegintzaldia amaituko duen ala ez.
G. Palacios
Patxi Lopez lehendakariak esan du, Alderdi Popularrak PSErekin sinatutako ituna bertan behera utzi arren, berak duela hiru urte euskal gizartearekin hartutako konpromisoari eutsiko diola eta bere proiektuak gauzatu arte aurrera jarraituko duela. Beraz, gaur-gaurkoz ez ditu hauteskunde autonomikoak aurreratuko.
"2009an Alderdi Popularrekin hiru zutabe zituen ituna sinatu genuen: ETAren aurka, euskal autogobernua defendatzeko eta zerbitzu publikoak babesteko. Beti defendatu dugu hori eta gaur inoiz baino gehiago", azaldu du Lehendakaritzan, Jaurlaritzako gainerako sailburuek lagunduta, egin duen agerraldian.
Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak Hezkuntzan eta Osasungintzan iragarri dituen murrizketen aurka Auzitegi Konstituzionalera jo izana, "gure autogobernua eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea da eta, ondorioz, PPrekin sinatu genuen ituna betetzea da hori", nabarmendu du.
"Atzo PPk ituna apurtu zuen. Zoritxarrez, albo batera utzi dituzte helburu horiek. Nahiago izan dute Mariano Rajoyren murrizketa-politika defendatu, Euskadiko autogobernua babestea baino. Nik gure proiektua defendatzen jarraituko dut. Ez dut albo batean utziko euskal gizartearekin hartu nuen konpromisoa", erantsi du.
Hauteskundeak aurreratzeko eskaera
Antonio Basagoitik hauteskunde autonomikoak aurreratzeko egindako eskaerari buruz, hauteskundeetarako deialdia egitea lehendakariaren eginkizuna dela gogoratu du eta une honetan hori baino gauza garrantzitsuagoak daudela esan du, "krisi ekonomikoari aurre egiteko politikak abian jartzea, hain zuzen ere".
Legegintzaldia amaitzeko asmoa duen galdetuta, erantzun argi bat ematea saihestu du eta behin eta berriro esan du "bere egitasmoak gauzatu arte" lanean jarraituko duela. Beraz, hitzez hitz, ez du esan hauteskundeak aurreratuko ez dituela.
"Ez naiz joko alderdikoi horretan sartuko. Euskadik ez du hauteskundeen inguruko eztabaida bat behar. Euskadik irtenbideak behar ditu egoera sozioekonomiko honi aurre egiteko", berretsi du kazetariei erantzunez. Horrenbestez, PSEk gutxiengoarekin jarraituko du agintean, izan ere, Legebiltzarreko 75 eserlekuetatik 25 ditu.
Horrez gain, hiru urteko agintaldiaren balantzea egiterakoan (gaurko agerraldia Antonio Basagoitiren adierazpenak baino lehenagotik zegoen iragarrita), "urte luzeak, baina oparoak" izan direla adierazi du, "ETAk bere ekintza terroristak amaitu dituelako eta gaur Euskadin askatasun gehiago dagoelako".
Bestalde, egoera ekonomikoa izan du hizpide eta PSEren Eusko Jaurlaritzak, "neoliberalismoaren aurrean eta oinarrizko zerbitzuen mesedetan, krisiari aurre egiteko beste modu bat" garatu duela azpimarratu du.