Politika -
Hizkuntza
Kataluniako Auzitegi Nagusiak 15 eguneko epea eman dio Generalitateari, eskola-orduen % 25 gaztelaniaz emateko
Kataluniako Exekutiboak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri du Josep Gonzalez-Cambray Generalitateko Hezkuntza kontseilariak, Auzitegiaren erabakia "zentzugabea" delako.
Agentziak | EiTB Media
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Hezkuntza Kontseilaritzari 15 egun eman dizkio, eskola-orduen % 25 gutxienez gaztelaniaz emateko.
Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, Hezkuntza sistemako ikasle guztiek eskolen % 25 gutxienez gaztelaniaz jasotzeko, "kontrol bermeak ezarri eta agindua emateko" eskatu dio Josep Gonzalez-Cambray kontseilariari.
Elebidun Eskola baten aldeko Asanbladak sententzia aplikatzeko eskatu ondoren, hartu du erabakia Auzitegiak.
Kataluniako Exekutiboak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuko dutela iragarri du Josep Gonzalez-Cambray Generalitateko Hezkuntza kontseilariak, Auzitegiaren erabakia "zentzugabea" delako.
Kontseilariaren ahotan, Auzitegia marratik irten da, "sententzia bat nola bete behar den nabarmendu duenean", ezin duelako halakorik egin. Generalitateko zerbitzu juridikoak ez dira sekula pareko egoera baten aurrean izan, erantsi duenez.
Aretoko bi magistratuk boto partikularra eman dutela azpimarratu du Gonzalez-Cambrayk, "oinarri juridikorik ez" duela iritzita.
Horregatik, Kataluniako ikastetxe zuzendariei eta irakasleei lasaitasuna helarazi die: "lanean jarraitu eta ez dute ezer aldatu behar". Zentzu horretan, Governak Kataluniako eskola eredua defendatzeko babes juridikoa eskainiko diela ziurtatu du.
Ana Losada Elebidun Eskola baten aldeko Asanbladako presidentearen hitzetan, "pauso erraldoia eman da, Kataluniako ikasleen hizkuntza eskubideen urraketarekin amaitzeko".
Elkarteko presidenteak erantsi duenez, "% 25 gaztelaniaz ematen dela bermatzeko, ikastetxe guztietan tresnak izatea garrantzitsua da orain".
"Gaurko epaiarekin duela 30 urte hasitako bidearen bukaerara iritsi gara", adierazi du Losadak; baina irakasgaien % 25 gaztelaniaz "hasiera baino ez da", iragarri duenez.