Politika -
Eusko Legebiltzarra
Seme-alabak hazteko hilean 150 euroko prestazio unibertsala proposatu du EH Bilduk
Erronka demografikoari buruzko eztabaida monografikoa egingo du Eusko Legebiltzarrak datorren asteazkenean, maiatzak 18, koalizio abertzaleak deituta.
Agentziak | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak datorren astean egingo duen erronka demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoan, EH Bilduk proposatuko du 150 euroko prestazio unibertsala abian jartzea umeak hazteko. Familiek hilero jasoko lukete laguntza hori, seme-alabak 18 urte betetzen duen arte.
Legebiltzarrean bertan egindako prentsaurreko batean, Nerea Kortajarena EH Bilduko kideak gogoratu du datorren asteazkenean, maiatzak 18, Eusko Legebiltzarrak erronka demografikoari buruzko eztabaida monografikoa egingo duela, bere taldeak eskatuta.
Azaldu duenez, demografia "gai estrategikoa" da EH Bildurentzat, eta kritikatu du gaur egun "agenda politikoan" ez egotea. Horregatik, azpimarratu du beharrezkoa dela osoko bilkura hori egitea, "elkarrizketak sortzeko eta elkarrekin lan egiteko".
"Ekarpenak egiteko eta adosteko jarrerarekin joango gara osoko bilkurara, uste baitugu Estrategia Demografikoa benetan eraginkorra izateko guztion ekarpenak behar direla. Horregatik, eztabaida serioa, gardena eta publikoa behar da; taldeen artean akordio zabalak lortzeko, lehentasunei eta estrategiak izan behar dituen neurriei dagokienez", defendatu du.
Kortajarenak adierazi duenez, "porrot egin duen estrategia batetik gatoz"; izan ere, helburu gisa jaiotza-tasa handitzea ezarri zuen horrek, baina "minimo historikoetan" dago orain, eta "Euskadin seme-alabak izatea pobrezia-faktorea da".
"Ez dirudi norabidea gehiegi zuzentzen denik. Eusko Jaurlaritzak egindako planteamenduan nolabaiteko desordena dago. Guk uste dugu planteamendu oker batetik abiatzen ari dela", deitoratu du.
Horregatik guztiagatik, koalizioak "eredu demografiko iraunkor eta justu baterantz aurrera egitearen" aldeko apustua egin du, eta, horretarako, beharrezkoa ikusten du "zainketen antolaketa sozialari ekitea" eta "bizitza duinak bermatuko dituzten politika publikoak aktibatzea", horrela ez bada, "porrota ziurtatuta egongo baita".
Kortajarenak aurreratu duenez, asteazkeneko eztabaida ez da jaiotza-tasei edo horiek handitzeko estrategiei buruzkoa izango. Izan ere, hainbat gai eraman nahi dituzte "eztabaida politikoaren erdigunera", hala nola herritarren bizi-baldintzak, etxebizitzaren prezioak sortzen duen ziurgabetasuna eta lan-prekarietatea, emakumeen bizi-baldintzen okertzea azken hamar urteetan edota gizonei eta emakumeei esleitzen zaizkien rolak.
Hazkuntzarako prestazio unibertsala
Legebiltzarkideak aurreratu duenez, EH Bilduk osoko bilkuran proposatuko du seme-alabak hazteko prestazio unibertsal bat abian jartzea, 150 eurokoa. Laguntza hori hilero jasoko litzateke, umeak 18 urte bete arte.
"Alemanian, Danimarkan, Belgikan edo Irlandan dagoeneko funtzionatzen duen prestazioa da. Egia da ez dutela jaiotza-tasarik igotzen, baina ongizatea sortzen dute, eta haurren pobreziaren aurkako neurri eraginkorrenetako bat dela frogatu da", zehaztu du Kortajarenak.
Azaldu duenez, prestazio unibertsal bat da proposatzen dutena, "ondoren, politika sektorialagoekin eta beste neurri fiskal batzuekin konbinatuta egongo litzatekeena; horiek pakete oso bat osatuko lukete seme-alabak beste baldintza batzuetan hazteko".
Ildo beretik, koalizioak osoko bilkura monografikoan proposatuko du, halaber, garraio publikoa doakoa izatea 12 urtera arteko adingabeentzat.