Itxi

Politika

Ekitaldia Donostian

Trantsizio energetikoaren aldeko apustuan "atzerapenik nahiz aitzakiarik" ez duela onartuko esan du PSE-EEk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "interes orokorra defendatuko dugu, gure industriaren eta ekonomiaren hazkunde justua eta sostengarria, eta errealismoz egingo dugu".

  • Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media

    Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EITB Media

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, trantsizio energetikoaren aldeko Euskadiren apustua "ezin da koarentenan jarri", eta azpimarratu du sozialistek argi dutela ingurugiroarekiko konpromisoa, eta "gure etorkizuna baldintzatu dezaketen erabakietan atzerapenik ezta aitziakiarik" ez dituztela onartuko.

"Interes orokorra defendatuko dugu, gure industriaren eta ekonomiaren hazkunde justua eta sostengarriarekin, eta errealismoz egingo dugu, baina ezinbestekoak diren aldaketak atzeratzeko saiakerei atsedenik eman gabe", gaineratu du.

PSEk larunbat honetan Donostian egindako "Crecer mejor. Hazkunde eredu berria" jardunaldiaren itxiera-ekitaldian egin ditu Anduezak adierazpen horiek. Hainbat ordezkari izan dira, tartean, Raül Blanco Espainiako Gobernuko Industria eta Enpresa Txiki eta Ertaineko idazkari nagusia.

Eredu jasangarriago eta eraginkorrago bat

Bere hitzaldian buruzagi sozialistak nabarmendu duenez, "hazkunde jasangarria, berritzailea eta inklusiboa egiteko" hausnarketa pendiente dago. "70 urteetako erabateko negazionismotik egungo konpromiso irmora" igaro dira munduko potentzia handiak. "Sentsibilitatea, konpromisoa gero eta globalagoa da, eta orain alderdien txanda da, pertsonengan eta enpresetan eragina izango duten legeak, dekretuak eta arauak adostu behar ditugulako".

"Baliabideen erabileran jasangarriago eta eraginkorrago den eredu berria" defendatu du PSEko liderrak. "Ekonomia zirkularra izan behar da sistema osoaren eraldakuntzarako abiapuntua", gaineratu du, eta trantsizio energetikoan aurrera egitea proposatu du, "energia berriztagarrien eta gure produkzio-sistemaren deskarbonizazioaren bidez, sekulako erronka izan arren".

Gauzak horrela, Next Generation Funtsen garrantzia azpimarratu du, eta gogoratu du gure ekonomiaren etorkizunerako funtsezkoak diren esparrutarako Euskadik dagoeneko 819 milioi euro jaso dituela Europar Batasunetik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena