Politika -
Katalunia
PSCk, ERCk, Juntsek eta komunek akordioa itxi dute Kataluniako murgiltze ereduari buruz
Horrela, kataluniera komunikazio irakas-hizkuntza izango da, eta gaztelania, aldiz, curriculum-hizkuntza.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PSCk, ERCk, JxCatek eta ECPk akordioa lortu dute Kataluniako hezkuntzako murgiltze ereduaren inguruan. Akordio horren arabera, kataluniera irakas-hizkuntza izango da, eta gaztelania, aldiz, curriculum-hizkuntza. Horren ondorioz, gaztelaniaren pisua ikastetxeek erabaki ahalko dute.
Lau taldeek lege proposamena aurkeztu dute astearte arratsalde honetan, zenbait egunetako negoziazioaren ondoren, Kataluniako hezkuntza eredu berria babesteko eta justiziarekin talka egitea saihesteko. Izan ere, Auzitegi Nagusiak (TSJC) gutxienez orduen % 25 gaztelaniaz eskaintzea agindu zuen.
Horren aurrean, eta adostutakoak jasotzen duenez, kataluniera irakas-hizkuntza izango da hezkuntzan, ikasle berrientzat ere bai, eta gaztelania "ikastetxe bakoitzak ezarritakoaren arabera" eskainiko da.
Horren ildotik, aipatu alderdiek nabarmendu dute katalunieraren eta gaztelaniaren erabilerak eta irakaskuntzak "bermatuta" egon behar dutela, ikasleek bi hizkuntzak egoki ezagutzeko.
Lege proposamenean ez dute erabilera portzentajerik jaso, eta horiek "irizpide pedagogikoak oinarri hartuta" ezarri behar direla adierazi dute.
Hori dela eta, hizkuntza bakoitzean zenbait irakasgai eskainiko diren irizpide hauekin erabaki ahalko dute ikastetxeek: egoera soziolinguistiko orokorra, hizkuntzaren normalizaziorako helburuak eta ikaskuntza prozesuaren garapena.
Azkenik, Val d'Aran-en araneraren irakaskuntza ere bermatu nahi izan dute.