Politika -

Polonian preso

Pablo Gonzalez kazetariak hiru hilabete egin ditu preso eta inkomunikatuta

Poloniako epaitegi batek beste hiru hilabetez luzatu du kazetariaren espetxealdia. Haren egoera "legezkotasun orotik kanpo" dagoela salatu dute familiak, lagunek, kazetaritza-elkarteek eta hainbat alderdi politikok.

Gonzalez, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media
Gonzalez, artxiboko argazki batean.
Gonzalez, artxiboko argazki batean. Argazkia: EITB Media

ERREDAKZIOA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Gonzalez euskal jatorrizko kazetariak hiru hilabete egin ditu preso eta inkomunikatuta, joan den otsailaren 28an Polonia eta Ukraina arteko mugan atxilotu ostean. Ukrainako gerraren eta horren ondorio berri ematen ari zen.

Ordudanik, inkomunikazio egoeran dute, eta ez du abokatuarekin eta familiarekin hitz egiterik izan. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak Errusiaren espioi izatea egotzi dio kazetariari.

Aste honeta bertan, gainera, beste hiru hilabetez luzatu dio espetxealdia Przemysleko (Polonia) lurralde epaitegiak. Poloniako Fiskaltzak egindako eskaerari men egin dio epaitegiak, bestelako azalpenik eman gabe.

Bartosz Rogasa Gonzalezen abokatuak eman du albistea, eta ebazpenaren kontrako helegitea iragarri. Azaldu duenez, Poloniako legearen arabera ezin dituzte epaileen argudioak publiko egin: "Saioa aurretiazko izapideen parte da, sekretupean dago auzia".

Aske uzteko eskaerak

Gonzalezen senitarteko eta lagunek, baina baita kazetarien elkarteek ere, tartean EITBko Erredakzio Kontseiluak, atxiloketa eta espetxealdia salatu dute. Europako Kontseiluak berak prentsa askatasunaren eta informaziorako eskubidearen aurkako erasoa zela adierazi zuen.

Apirilean, Gonzalezen eskubideak errespetatzeko eskaera egiteko sinadura bilketa abiatu zuten senide eta lagunek change.org plataforman. Orain arte, horren aldeko ia 38.000 sinadura batu dituzte.

Hilabete hasieran, Oihana Goiriena kazetariaren emazteak eta Gonzalo Boye Espainian duen abokatuak agerraldia egin zuten Nafarroako Parlamentuan Gonzalezen egoera "legezkotasun orotik kanpo" dagoela salatzeko eta Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatzeko.

Oso bakanak izan dira Espainiako Gobernuak auzi horri buruz egindako adierazpenak. Pedro Sanchezek apirilean Kongresuan nabarmendu zuenez, gaia "arretaz" jarraitzen ari zen. Sanchezen hitzetan, kazetariak berak eskatu omen zien bere auziaren inguruko zenbait kontu ez kaleratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Azken ordukoa Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza Giza eskubideak Errusia-Ukraina gerra Polonia