Politika -
Etxebizitza-arazoa
EH Bildu: "Eneko Goiaren politikak kale egin eta Donostiako etxebizitza-arazoa larriagotu du"
Alokairuaren prezioa mugatzea, Donostia etxegabetzerik gabeko hiri izendatzea, ostatu turistiko berrien baimenak gelditzea, etxebizitza soziala bermatzea eta "putre funtsak" errefusatzea proposatu du koalizio soberanistak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk salatu duenez, Eneko Goia Donostiako alkateko politikak "kale egin du", eta Donostiako etxebizitza arazoa "larriagotu du". Koalizio soberanistak ekitaldi politikoa egin du igande honetan Donostiako Garibay kalean, hiriak bizi duen "etxebizitza-larrialdiari" irtenbide emateko helburuz, premiazko bost neurri proposatzeko.
Reyes Carrere EH Bilduko Donostiako bozeramaileak ekitaldian azaldu duenez, Eneko Goiak azken 7 urteetan abiatutako etxebizitza-politikak "ez dio egoerari buelta eman, are gehiago, egindakoarekin eta egin gabekoarekin ere arazoa larriagotu du".
Carrerek kritikatu duenez, Goiari etxebizitza arazoagatik galdetzen diotenean, "beti gauza bera dio, Donostia betidanik garestia izan dela eta berak ezer gutxi egin dezakeela". "Irudikatu dezakezue inguruko herri bateko alkateak gazteei esaten haien etorkizuna etxetik urrun dagoela? Ba hori da Goiak pentsatu, esan eta egiten duena".
Horren aurrean, bestelako etxebizitza-politika publikoak defendatu ditu Carrerek. "Herritarrak lehenesten dituzten politika publikoak behar ditugu. Etxebizitzarako eskubidea espekulatzeko eskubidearen gainetik egon behar da", amaitu du.
EH Bilduk proposatutako neurrien artean daude: alokairuaren prezioa mugatzea, Donostia etxegabetzerik gabeko hiri izendatzea, ostatu turistiko berrien baimenak gelditzea, etxebizitza soziala bermatzea eta "putre funtsak" errefusatzea.