Politika -

eitb focus

NA+ izango litzateke indar bozkatuena Iruñean, baina bi zinegotzi galduko lituzke

EH Bilduk babes handiagoa lortuko luke (% 3,3 gehiago), eta horrek ordezkari bat emango lioke, 8ra iritsita. Vox Udalean sartuko litzateke lehen aldiz, eta bai PSNk baita Geroa Baik ere gaur egungo ordezkari kopurua mantenduko lukete.

Iruñeko Udalerako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA
Iruñeko Udalerako boto asmoa
Iruñeko Udalerako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

iker gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Navarra Suma izango litzateke talderik bozkatuena Iruñean, orain udal hauteskundeak egingo balira, EITB Taldeak egindako azken makroinkestaren arabera. Halere, bi zinegotzi galduko lituzke eta botoetan % 6,1 gutxiago jasoko luke herritar iruindarrengandik.

EITB FOCUSen inkesta berria udal hauteskundeetarako urtebete falta denean egin dute, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailituzkete. Gaur, EITBk inkesta honen hirugarren eta azken zatia argitaratu du, kasu honetan Parlamentu nafarreko eta Iruñeko boto asmoan azpimarra jarrita.

Hala, NA+ koalizioa beheranzko joeran dagoela baieztatuko lukete datuek, Nafarroako Parlamenturako inkestek ere aurreikusitako beheranzko joeraren ildo beretik. Edonola ere, lehen indarra litzateke bi kasuetan.

Iruñeko Udalerako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

EH Bilduk, aldiz, lau puntu gehiago lortuko lituzke botoetan, eta 7 beharrean, 8 zinegotzi izatea lortuko luke.  

Alabaina, Udal iruindarrean emango litzatekeen berritasun handiena Voxen eskutik etorriko litzateke, lehen aldiz ordezkari bat lortuko bailuke, boto asmoan % 1,1etik % 5,2ra igota.

PSNk, Parlamentuan bezalaxe, aurreko hauteskundeetan erdietsitako babesari eutsiko lioke, bost ordezkarirekin.

Seigarren postuan, Izquierda-Ezkerra, eta, zazpigarrenean, Podemos, kanpoan geratuko lirateke, zinegotzi bakar bat ere ez lortuko ez luketelako, 2019an gertatu bezala.

Iruñeko Udalerako boto asmoa. Irudia: EITB MEDIA

Balorazioa

Joseba Asiron (EH Bildu) da notarik altuena lortu duen Iruñeko ordezkari politikoa, batez beste 5,5 jarri baitiote herritarrek, Patxi Leuzaren (Geroa Bai) aurretik (5). Asiron eta Leuza dira gainditzea lortu duten bakarrak.

Enrique Mayak (NA+), Udalaren buru dagoen ordezkari politikoak, 4,3eko nota izan du, soilik Maite Esporrin (PSN) atzean utzita, 3,8ko nota jaso baitu azken horrek.

Enrique Mayaren ezagutza eta balorazioa. Irudia: EITB MEDIA

Metodologia:

Ikerketa hau burutzeko erabilitako metodologia kuantitatiboa izan da, telefono bidezko elkarrizketa teknikaren bidez. Ikerketa teknika honek proposatutako helburu guztiei erantzuna ematea ahalbideratzen du eta balio eta fidagarritasun handiko emaitzak jasotzen direnez eraginkortasunez aritzeko aukera ematen digu.

Ikerketaren unibertsoa EAE eta Nafarroan bizi diren 18 urtetik gorako gizabanakoek osatzen dute; Landa-lana 2022ko maiatzaren 2tik 12ra burutu zen. Laginketa geruzatu bat burutu da, kuotekiko proportzionala den finkapenarekin; hau ere metodologia kuantitatiboa erabiliz burutu da

Fitxa teknikoa:

EAE eta Nafarroan bizi diren 2.400 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan; 400 Iruñean eta 250 Nafarroaren gainerakoan).  La= ± % 2,00, konfiantza-maila: % 95, p=q=0´5, datu orokorretarako, ±% 2,34EAE-ko datuetarako, ±% 4,00 Nafarroako datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, ±% 4,00 Bizkaiko datuetarako, ±% 4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,89 Iruñeako datuetarako, ±% 4,89 Gasteizko datuetarako, ±% 4,89 Bilboko datuetarako eta ±% 4,89 Donostiako datuetarako. Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 23,0 euskaraz egin dira eta gainerako % 77,0 gazteleraz. Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak. Landa-lana 2022ko maiatzaren 2tik 12ra burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 5,42 minutukoa izan da, motzenak 4 minutu eta luzeenak 18 minutu iraun dutelarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea gaur PSN Geroa Bai I-E Nafarroa Enrique Maya EH Bildu Izquierda-Ezkerra EH Bildu Iruñea Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa EiTB Focus Iruñeko Udala azken ordukoa Vox Navarra Suma Hauteskunde inkestak