Politika -

Bisita ofiziala Korsikan

Urkulluk "burujabetza kuota" eta "EBn protagonismo politiko handiagoak" eskatu ditu

Bidaiarekin Euskadik eta Korsikak "harreman politiko, instituzional, ekonomiko, sozial eta kulturalak estutu dituzte", nabarmendu du lehendakariak Mediterraneoko uhartera egindako bisitaren amaieran.

Lehendakaria Savaghju-Vivariuko Hizkuntza Murgiltze Zentroan, Cortin (Korsika). Argazkia: EFE
Lehendakaria Savaghju-Vivariuko Hizkuntza Murgiltze Zentroan, Cortin (Korsika). Argazkia: EFE
Lehendakaria Savaghju-Vivariuko Hizkuntza Murgiltze Zentroan, Cortin (Korsika). Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Korsikara egindako bisita bukatu du astearte honetan. Nahiz eta bi herriek berezitasunak izan, biek estatuetan "burujabetza kuota handiagoak" nahi dituzte, baita "Europar Batasunean protagonismo politikoa handiagoa" ere, EAEko agintariak azpimarratu duenez.

Bidaiarekin Euskadik eta Korsikak "harreman politiko, instituzional, ekonomiko, sozial eta kulturalak estutu dituzte", nabarmendu du lehendakariak Mediterraneoko uhartera egindako bisitaren amaieran. Erakundeetako ordezkari, eragile ekonomiko eta enpresaburuekin bildu da.

"Nahiz eta bi herri ezberdin izan, nortasun kultural propioa dugu, eta Estatuetan zein Europan burujabetza kuota handiagoak bilatzen ditugu", adierazi du lehendakariak. Urkulluren ahotan, "ideia politikoak errespetatuz eta gure erkidegoetan adostasun zabala lortzeko borondatearekin" bidea egiteko apustua egin dute.

Hizkuntza gutxituei, erakundeen babesa

Bestalde, lehendakariak hizkuntza gutxituei erakundeek babesa ematea aldarrikatu du, herriek ere bizirik jarraitzeko, "globalizazio fenomenoan, hizkuntza galtzearen ondorioz, desagertzeko" arriskuaren aurrean.

Urkulluk Savaghju-Vivariuko Hizkuntza Murgiltze Zentroa bisitatu du, Cortin (Korsika). Lehendakariaren hitzetan, Korsikak zein Euskadik "hizkuntza propio bat eta haren ondare kulturala babesteko borondatea dute".

"Hizkuntza aniztasunagatik errespetua partekatu eta aktibo handi bat bezala ulertzen dugu", ziurtatu du EAEko agintariak.

"Pertsona guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko hizkuntza gutxituetan inbertitzeko" beharra ikusten dute, gogorarazi duenez. Buruzagiaren ahotan, Eusko Jaurlaritza eta Korsikako Kolektibitatea 'esperientzia eta informazioa partekatzeko protokolo' bat egiten ari dira normalizazio linguistikoaren inguruan.

Azaldu duenez, protokoloa lehentasuna da. Gainera, 'Euskal hizkuntzaren sustapenerako ekintza planean' nazioarteko akordioak ixteko aukera jasotzen da, beste eragile batzuekin lankidetza areagotzeko xedearekin.

Bestalde, lehendakariak gogorarazi duenez, 2020ko apirilaren 8an Frantziako Asanbladak eskualde hizkuntzen ondarea babesteko eta sustatzeko Legea onartu zuen, Frantziako Gobernuaren babesik gabe, baina oposizioaren babes zabalarekin.

Hezkuntza arloan, Legeak hizkuntza gutxituen (bretoiera, euskara, okzitaniera, korsikera) murgiltze ereduari ateak zabaldu zizkion zentro publikoetan, baita ikastetxe pribatu elebidunak diruz laguntzeko ere.

Hala ere, 60 parlamentarik helegitea aurkeztu zuten Kontseilu Konstituzionalaren aurrean, eta erakundeak araua partzialki konstituzioaren kontrakotzat jo zuen. 2021eko maiatzaren 21ean, Kontseilu Konstituzionalak ez zuen murgiltze eredua onartu, hain zuzen ere, eskola publikoan aplikatzeak frantsesa bigarren maila batean uzten duela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Berriak Politika Azken albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Iparraldea EAE albisteak Frantzia Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hezkuntza