Politika -

GASTEIZ

Urtaran alkateak 10 milioiko inbertsioa iragarri du Herrandarren kaleko eraberritze lanak egiteko

Politika Orokorreko eztabaida abiatu dute ostegun honetan Gasteizko Udalean, Gorka Urtaran alkatearen hitzaldiarekin. Bihar, ostirala, oposizioko taldeen txanda izango da.

Gorka Urtaran alkatea, Politika Orokorreko eztabaidan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Politika Orokorreko eztabaidan
Gorka Urtaran alkatea, Politika Orokorreko eztabaidan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legegintzaldia amaitzeko urtebete falta den honetan, datozen hilabeteetan Gasteizen aurrera eramango dituzten ekintzen berri eman du Gorka Urtaran alkateak. Besteak beste, iragarri du Herrandarren kalea eraberritzeko lanen lizitazioa urriko bigarren hamabostaldian egingo dela. Lehen faseak 10 milioi euro inguruko aurrekontua izango du eta, udal iturrien arabera, azken bi agintaldietako obrarik anbiziotsuenetako bat da. Lan horien baitan, ardatz berde bat eratuko da eta oinezkoentzako eremua irabaziko da  Herrandarren eta Jose Mardones kaleen artean.

Gaur-biharretan Politika orokorrari buruzko eztabaida egingo dute Gasteizko Udalean, legegintzaldiko azkena. Gaurko saioan Gorka Urtaran alkateak hitza hartuko du, besteak beste, balantzea egiteko eta legegintzaldia amaitzeko falta den urtebete honetan abian jarri nahi dituen inbertsioen berri emateko. Bihar, ostirala, oposizioko taldeen txanda izango da.

Masterplana edo Gasteizko erdigunea birgaitzeko, biziberritzeko eta suspertzeko 20 ekintzatik gora biltzen dituen plana ere hizpide izan du Gorka Urtaranek. Horren esanetan, bertan aurreikusten diren ekintzen % 80 eginda edo martxan daude. Gaur egun, horietako 16 eginda edo egiteko bidean daude: Arich bulego zaharra, Ertza eraikina, San Prudentzio 30, Floridako Txorolekua, Brigidas eraikina, Correos, Santa Barbara plaza, Memorialaren ingurua, Zulueta jauregia, Goya gasolindegi zaharra, Araba Jenerala eraikin nagusia, Alfaro lursaila, Jose Barbara lursaila eta egoitza.

Era berean, Erdi Aroko hirigunean etxebizitzak birgaitzeko (1.000 euro) eta zarataren aurkako neurriak hartzeko (800 000 euro) 2,1 milioi euroko egitasmo baten berri eman du Urtaranek. Ekainean bertan, Udal Gobernuak bi laguntza-lerro onartuko ditu: lehenengoa, zarata arintzeko lanen kostuaren zati bat ordaintzera bideratuta egongo da (gehienez ere inbertsioaren % 70 ordainduko da), araua 10 dezibeliotan gainditzen duten Erdi Aroko hiriguneko eremuetan; eta bigarrena 2022an Alde Zaharreko eraikinak birgaitzeko laguntzetarako izango da. 

Inbertsioekin jarraituz esan du, aise gaindituko dela hiriko auzoetan 100 milioi euro inbertitzeko legegintzaldi honetan hartutako konpromisoa. Izan ere, alkateak jakinarazi duenez, dagoeneko 96,5 milioi euro inbertitu dira.

Gasteizen etorkizunerako "funtsezkoak" liratekeen beste proiektu batzuk ere aipatu ditu, hala nola, AHTaren lurperatzea. Horri lotuta azaldu du eraikuntza-proiektuaren idazketa lizitazio fasean dagoela helburu horretarako sortutako sozietatearen estatutuak berritu eta epeak arintzeko erakundeek protokoloa adostu ondoren.

Legegintzaldi honen balantze ekonomikoa egiterakoan, 2015etik gaur arte egonkortutako zorra 15 milioi euroan murriztu dela nabarmendu du: 123,29 milioitik 108,02 milioira.

Bestalde, Gorka Urtaranen arabera, Gasteiz erreferentzia da ingurumenaren arloan eta erreferentzia izan behar du mugikortasunaren arloan ere.

Trafikoa arintzeko neurriak

Trafikoaren inguruko gorabeherak polemika iturri dira Gasteizen eta horri aurre egiteko hainbat neurri proposatu ditu alkateak, bereziki, hiriaren hegoaldeari begira. Gaineratu duenez, arintasuna eta segurtasuna bermatzea dira helburuak.

Lehenik, epe laburreko ekintza "kirurgikoez" hitz egin du, zirkulazio denborak % 30-50 hobetzea eta segurtasuna bermatzea xede dutenak. Bigarrenik, jakinarazi du ikerketa bat egingo duela Udalak. Horren helburua izango da ekialdea-mendebaldea ardatzetik hegoalderako konexioan aurreapausoak ematea.

Gasteiz Europaren balioekin bat egiten duen "superhiri europarra" dela esanez hasi du bere hitzaldia. Nazioarteko testuinguruak markatutako legegintzaldia izan dela onartu du: pandemia, hornikuntza krisia, energetikoa eta Ukrainako gerra. Urtaranen hitzetan, udal gobernuak bere kudeaketa egoerara egokitu behar izan du eta erronka handiei erantzun behar izan die, tokiko agendaren kaltetan.

Hiriak hainbat alorretan izan duen bilakaera laburbildu du alkateak. Besteak beste, aipatu ditu biztanleriaren zahartzea (65 urte edo gehiago dituzten pertsonak ia 55.000 dira), adingabe kopuruaren jaitsiera, delituen kopuruaren beheranzko bilakaera, garbiketako kontrata berria, Principal Antzokia eraberritzeko proiektuaren lizitazioa, Maria de Maeztu auditoriuma egokitzeko lanak, eta hezkuntza arloko azpiegitura berriak (Aldaialde ikastetxea eta Salburuako institutua, adibidez).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Politika Gorka Urtaran Gaurko titularrak Gasteiz albisteak Gaurko azken orduko albistea