Politika -

Kale erasoak Elorrion

Elorrioko batzokiari harriak bota dizkiote eta lonja bat kiskali dute

Gainera, auto bat eta edukiontzi bat ere erre dituzte. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, "zantzu guztien arabera, ez dira kale borroka erasoak izan".

Elorrion erre duten lokala. Argazkia: Efe
Elorrion erre duten lokala.
Elorrioko batzokiari erasoa egin diote eta lonja bat kiskali dute

01:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burua estalita zeramaten bi lagunek Elorrioko EAJren batzokiari eraso egin diote eta herriko musika taldeek entseatzeko erabiltzen duten lokal bati su eman diote.Gainera, minutu batzuk geroago edukiontzi bat erre dute eta auto bat erretzen saiatu dira Elorrion bertan.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, baina aukeretako bat da eraso guztiak bi kaputxadunek egin izana oso denbora tarte txikian.

Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Lekeriketa auzoko auto bat erretzen saiatu dira eta ibilgailuaren sabaia belztuta geratu da.

Oidor Berriozabalbeitia kalean zegoen zabor edukiontzi bat ere erre dute, eta suhiltzaileek itzali behar izan dute.

Kontainerra goizaldeko ordu biak aldera kiskali dute, bi kaputxadunek EAJren batzokiaren kontra harriak jaurti eta egoitza erretzen saiatu eta minutu gutxira.

Efe albiste-agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, batzokiaren kontrako erasoa 01:20 inguruan gertatu da. Harriak jaurti dituzte egoitzaren aurka, leiho batzuk hautsi dituzte eta ondoren su ematen saiatu dira, baina inguruan pertsona bat zegoela eta, ihes egitea erabaki dute. Herrizaingo Sailaren arabera, hamar minutu geroago Elorrioko musika taldeek probak egiteko erabiltzen duten lokal bati su eman diote. Suhiltzaileak bertaratu dira, sua itzali dute, baina lokala suntsituta geratu da. Ez da zauriturik izan. Lau erasoak lotuta dauden ikertzen ari da Ertzaintza.

Ez dirudi 'kale borroka'

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, "ikerketak irekita jarraitzen du, baina zantzu guztien arabera ez dira kale borroka erasoak izan".

PPk gaitzetsi egin ditu erasoak

Carlos Garcia PPren Elorrioko zinegotziak gaitzetsi egin ditu EAJren batzokiaren kontrako erasoa eta goizaldean izandako gainerako eraso guztiak.

Agiri batean azaldu duenez, gertakari "isolatuak" izatea espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea