Politika -

Bizkaiko Ogasuna

PSEk dio 'Gil kasuaren' ordez, 'Diputazio kasua' dela

Fiskaltzak Melchor Gilen kontrako kereila artxibatu ondoren, sozialistek Bizkaiko Foru Aldunditik azalpenak espero dituzte datu fiskalen filtrazioarengatik.

Melchor Gil. Argazkia: EITB.
Melchor Gil. Argazkia: EITB.
Melchor Gil. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Egaña, Bizkaiko Foru Aldundiko PSEko bozeramaileak salatu duenez auzi honetan "alderdien interesa egon da, eta disimulurik gabe Melchor Gil, PSE eta lehendakariaren aurkako jazarpen politikoa egon da".

Bozeramaile sozialistak azalpenak eskatu dizkio Jose Luis Bilbao jeltzaleari barne ikerketa behingoz bukatu dezan, ustezko filtraziorik egon den argitzeko. Modu berean, bigarren filtrazio bat salatu du, "komunikabide batean aldundiko idazpurupean Fiskaltzaren diligentzien itxiera" jakinarazi duena.

Hala ere, 15 egunez itxarongo dutela zehaztu du, hilabetea bukatu arte, hori baitzen aldundiko bozeramaileak filtrazioen inguruko barne ikerketa bukatzeko ezarritako epea.

PSEko Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak Antonio Basagoitik egindako komentarioen kontra egin du, bere jarreraren eredugarritasuna zalantzan jarriz. Iñaki Egañak "gure irudia kaltetzen" duela azpimarratu du, baina "Gilen ohore eta duintasuna" defenditu ditu.

Kereila artxibatuta

Fiskaltzak jakitera eman dutenez, Gilek Castro Urdialesen (Kantabria) txaleta erosteko erabilitako diru-sarreren inguruko ikerketa artxibatzea agindu zuen Bizkaiko fiskal nagusiak maiatzaren 6an.

Bizkaiko Ogasun Sailak Gil ikertu zuen, txalet hori ordaintzeko gastuek Bizkaiko PSE-EEko idazkariordeak 2005 eta 2009 bitartean izandako diru-sarrerekin bat egiten ez zutela susmatuta. Ogasunaren ustez, etxebizitza hori erosteko erabilitako 419.000 euroak errenta aitorpenean ezkutatu egin zituen Gilek, eta, iruzur fiskala egotzita, PSE-EEko kidea ikertzea eskatu zion 2010ean Fiskaltzari.

Ministerio Publikoak, baina, salaketa artxibatu zuen, iruzurrik ez zegoela iritzita. Izan ere, iruzur fiskala egon dadin, urtean 120.000 euro baino gehiagokoa izan behar da ezkutatutakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea