Politika -
Frantziako hauteskundeak
Ezkerreko koalizioa eta Macronen aliantza, parez pare hauteskundeen atarian
Azken inkesten arabera, Ensamble aliantzak botoen % 27 lortuko lituzke, eta Nupeseko ezkertiarrek, berriz, % 26,5. Hauteskunde legegileen lehen itzulia ekainaren 13an izango da.
EITB Media
Frantziako hauteskunde legegileen lehen itzulia egiteko bi egun eskas falta direnean, Macronen aliantza ezkerreko koalizioarekin berdinduta dago inkestetan. Kanpaina gauerdian amaituko da, eta nahiko arina izan da, apirileko presidentetzarako hauteskundeak gertu daudelako.
Elabe institutuak ostiral honetan publiko egindako azken galdeketaren arabera, hauteskundeetako parte-hartzea txikia izango da, % 45,5 eta % 49 ingurukoa.
Inkesta horren arabera, Emmanuel Macron presidentearen Ensemble (Batera) aliantzak botoen % 27 eskuratuko lituzke lehen itzulian (duela astebete baino 2,5 puntu gehiago), Nupes ezkerreko koalizioak % 26,5 jasoko lituzkeen bitartean (aurreko astean baino 1,5 gehiago). Hala, praktikan, berdinketa teknikoa izango da, aurreikuspenen arabera.
Biltzar Nazionala ultraeskuindarrak, berriz, boto-asmoen % 19,5 jaso ditu, duela astebete baino 2,5 puntu gutxiago, eta Errepublikanoak, kontserbadoreak, 1,5 puntu gutxiagorekin, botoen % 11ra jaitsi da.
Horrela, hauteskundeak Ensemble eta Nupes (sozialistak, komunistak, ekologistak eta Jean-Luc Mélenchonen Frantzia Intsumisoa biltzen dituena) elkarren arteko dueluaren arabera erabakiko dela baieztatzen da.
Frantziako hauteskunde-sistema
Asanblea Nazionalerako hauteskundeak 577 hauteskunde txikiren segida dira barruti bakoitzean. Bigarren itzulia astebete geroago egingo da, ekainaren 19an.
Barruti bakoitzean, hautagai bakar batek ere ez badu botoen % 50 lortzen lehen txandan, oso gutxitan gertatzen dena, lehenengo biak bigarrenera pasako dira, eta baita izena eman duten hautesleen % 12,5en botoa lortzen dutenak ere; praktikan, ia bigarren itzuli guztiak bi edo gehienez hiru hautagairen artekoak izaten dira.
Aurtengo hautaketan gakoa da, analisten arabera, ezkerraren eta ekologisten bat egiteak Macronen gehiengo absolutua arriskuan jar dezakeen ala ez. Orduan, Macronek kontserbadoreengana jo beharko luke Asanblea Nazionalean lege berriak onartu ahal izateko.