Politika -
podemos euskadiren topaketa
"Bi abiadurako" osasungintza eredu bat bilatzea egotzi dio Podemosek Eusko Jaurlaritzari
Arabako militantziarekin topaketa egin du Podemos Euskadik larunbat honetan. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea "erreferentzia" gisa izatea leporatu dio alderdiak Eusko Jaurlaritzari.
agentziak | eitb media
Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzari leporatu dio Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea "erreferente" gisa izatea, eta Euskadin "bi abiadurako" osasungintza izatea: "baliabiderik gabeko euskal herritar pobreenentzako osasun-sistema publiko bat, eta baliabide gehiago dituztenentzako eta ordaindu dezaketenentzako pribatu bat".
Podemos Euskadik topaketa egin du Dulantzin Arabako militantziarekin; etorkizuneko erronkak jorratzeko, lan-lerroak indartzeko eta datozen hilabeteetako ekintzak planifikatzeko.
Bertan izan dira Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia eta Unidas Podemoseko diputatua, Miren Gorrotxategi Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Juantxo Lopez de Uralde Arabako Unidas Podemoseko diputatua eta Alianza Verde alderdiko koordinatzaile federala, eta Pau Vivas Podemosen Zirkulu, Parte-Hartze eta Hazkunde Antolatzaileko idazkaria.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Garridok Osakidetzaren "eraispena eta ahultzea" salatu ditu. Ohartarazi duenez, "hamarkada bat baino gehiago" daramate gauzek horrela.
"Sarritan aldarrikatu ditugu postu gehiago medikuntza fakultateetan, MIR postuetan eskaintza gehiago eta lan-baldintza hobeak, medikuak eta osasun-langileak EBko beste herrialde batzuetara joan behar ez daitezen", ohartarazi du. Era berean, lehen mailako arretaren "narriadura" salatu du.
Hori dela eta, nabarmendu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "kultura aldaketa" bati buruz esandako hitzak ez direla "kaltegabeak", "abisu bat" baizik. "Badirudi Eusko Jaurlaritzak Ayusoren eredua, osasungintza pubikoaren ahultze eta narriadura eredua alegia, babesten duela eta hori duela erreferentetzat", salatu du.
Bere aburuz, Euskadiko osasungintza publikoak "bi abiadura" izatea da Jaurlaritzaren asmoa: "baliabiderik gabeko euskal herritar pobreenentzako osasungintza publiko bat, eta baliabide gehiago dituztenentzako eta ordaindu dezaketenentzako pribatu bat".
Horregatik, azpimarratu du sindikatuek ekainaren 26rako deitutako manifestazioa babestuko duela Podemos Euskadik, "guztiontzako kalitatezko osasun-sistema publiko bat" aldarrikatzeko helburuz.