Politika -
EAEko hauteskundeen ostean
EAJk ez du baztertu bozen ostean ezker abertzalearekin elkar ulertzea
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak uste du Jaurlaritza EAJk eta ezker abertzaleak osatzea "oraindik argitzeke dauden baldintza askoren mende" dagoen hipotesia dela.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak ez du baztertzen EAJ ezker abertzalearekin "elkar ulertzea" EAEko hauteskundeen ondoren.
Erkorekari EAJk eta ezker abertzaleak osatutako balizko Jaurlaritzari buruz galdetu diote TVEn egin dioten elkarrizketa batean, eta "oraindik argitzeke dauden baldintza askoren mende" dagoen hipotesia dela erantzun du.
"Ezin dut ukatu, zentzugabea izango litzateke, ezker abertzalearekin lankidetzan aritzeko aukera, badauzkagu adostasunerako guneak", gaineratu du.
Horren harira, EAEn PPren eta PSE-EEren arteko akordioa posible izan dela gogorarazi du Erkorekak, eta hori "sinestezina" dela "Estatuko beste leku batzuetan". Hori dela eta, ez du ikusten "zergatik ez den posible izan behar EAJ ezker abertzalearekin elkar ulertzea". Hala eta guztiz ere, argi adierazi du bere alderdiak ez dituela "fronteak" egin nahi.
Basagoitik ez du zalantzarik
Alderdi Popularreko euskal presidentearentzat PSE-PP hitzarmena “agortu” ostean mahai gainean dagoen hitzarmena "EAJ eta Bilduren artekoa da. EAJk Gipuzkoan Bilduri gobernatzeko aukera emateaz gain, aurrekontuen itun bat sinatu eta orain inbertsioak adostu dituzte”.
Antonio Basagoitirentzat EAJ eta Batasuna ohiaren arteko akordioak “erradikaltasuna, baztertzea, bizikidetzaren haustura eta identitate eztabaida ekarriko ditu". Bildu-EAJren aurrean "alternatiba bakarra" Alderdi Popularra dela esan du, "autonomismoa, akordioa, euskaldunen arteko elkartasuna eta bizikidetza" defenditzen dituelako.