Politika -
Ezkerreko Foroa
Otegik ezkerrean "borondate anitzak" batzea eskatu du, "siglak" alde batera utzita
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Ezkerra Elkartuzen solasaldi batean parte hartu du Bilbon. Koalizioaren inguruan euskal ezkerren konfluentzia bat osatzea defendatu dute foroko kideek bi artikulutan.
Agentziak | EiTB Media
Euskal ezkerrean "borondate anitzak" batzea eskatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, "siglak" alde batera utzita.
Otegik Ezkerra Elkartuzen solasaldi batean parte hartu du Bilbon. Besteak beste, Javier Madrazo, Isabel Lopez Aulestia eta Jose Navas Ezker Batua-IUko buruzagi ohiak, Gemma Zabaleta sailburu sozialista ohia eta Dani Arranz Bizkaiko azken gobernadorea bertan izan dira, baita sindikatuetako ordezkariak eta gizarte mugimenduetako ekintzaileak ere.
EH Bilduren inguruan euskal ezkerren konfluentzia bat osatzea defendatu dute foroko kideek bi artikulutan, "ezker independentistak eta federalismoko edo konfederalismoko sektoreek adostasun proiektu batean elkartzeko arazorik izan beharko ez luketelako".
"Ezkerraren balioen defentsan" zentratu arren, "Euskadik izan behar dituen subiranotasun eta burubide testuingurua ere adostu" behar dituztela dute iritzi.
Otegik solasaldian zehar erantzun duenez, unean "badira baldintzak" euskal ezkerrek "sigletatik harago bidea egin" ahal izateko.
Nabarmendu du EH Bildun "sozialdemokratak, komunistak, sozialistak eta baita liberalen bat ere" daudela eta horrek "etengabeko akordio jarduera eskatzen" diela, eta ezker guztiak elkartzeko "aldeko jarrera" dutela.
Otegiren iritziz, ezkerrak "berrarmatu" beharra dauka mundu osoko eliteen ofentsiba kapitalista eta liberalaren aurrean, eta defendatu du haien proposamen subiranista ez dela "bandera eztabaida bat; non, nork eta nola erabakitzen duenari buruzkoa baizik".
"Guk dena erabaki nahi dugu, eta hemen", gaineratu du, eta gogora ekarri du EH Bilduren autogobernu txostenak ez duela proposamen independentistarik aurkeztu, konfederalista baizik.
Bestalde, Javier Madrazok ezkerraren "hausturarako eta zatiketarako" joera kritikatu du, eta adierazi du zatiketa "nagusia" ez dela independentisten eta independentista ez direnen artean, "goikoen eta behekoen artean" baizik.
Esan duenez, ez du bere burua independentista gisa definitzen den alderdi batean ikusten, baina EH Bildurekin, "euskal ezkerreko indar nagusiarekin" alegia, "espazio komuna" sortzearen alde agertu da.