Itxi

Politika

Sektore publikoa

Urkulluk esan du Jaurlaritzak ez duela sektore publikoa ahultzeko asmorik, eta "lankidetza" azpimarratu du

Mikel Dominguez | EITB Media

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ongizatea bermatzeko akordio bat eskatu du, eta egiturazko sektore publikoa indartzeko beharra nabarmendu du.

  • Maddalen Iriarte eta Iñigo Urkullu.

    Maddalen Iriarte eta Iñigo Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan EH Bilduren galdera bati erantzunez, Eusko Jaurlaritzak sektore publikoa ahultzeko asmorik ez duela esan du, eta, aldi berean, "egonkortasuna, elkarrizketa eta akordiorako borondatea" jorratzeko ezinbestekotasuna aipatu du, "politika publiko gisa, sektore publikotik zein aurrekontu publikoetatik, lankidetza bultzatuz".

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak sektore publikoa "ahultzeko" politikak egiten jarraituko duen galdetu dio lehendakariari, eta Urkulluk hori egiten duenik ukatu egin du.

Lehendakariak egoeraren balantze positiboa egin du. Adierazi duenez, Euskadi Estatuko osasun sistema publikorik onena duen erkidegoa da, baita langabezia tasarik txikiena ere. "Hori ez da sektore publikoagatik soilik, baizik eta zerbitzu publikoak eta politika publikoetan lankidetzan ari garelako, erakundeetatik bultzatuz", esan du.

2022ko aurrekontuen negoziaketetan EH Bildurekin hartutako konpromisoak betetzen ari direla ere esan dio Iriarteri. Kontu publikoen bitartez sektore publikoa "sendotu" dutela esan du lehendakariak. "Aurrekontu publiko gehiago sektore publiko gehiago da", baita politika publikoetan sektore pribatuarekin lankidetza sustatzea ere.

Iriartek, bestalde, azken hamarkadan Jaurlaritza egiturazko sektore publikoa ez hazteko "doktrina" jarraitzen ari dela esan du. "Gizarte zerbitzuak pribatizatzeak sektore publikoa ahultzen du", esan du EH Bilduko bozeramaileak, eta gehitu du "neurri paliatiboak" edo aringarriak besterik ez hartzea ere atzera egitea dela.

Gauzak horrela, ongizatea bermatzeko herri mailako akordio bat eskatu du Iriartek. Esan duenez, EH Bilduk adosteko gaitasuna erakutsi du, 2022ko aurrekontuetan eta Hezkuntza itunean bezala, kasu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena