Itxi

Politika

Osasun publikoa

"Egoeretara moldatzean eta aukerak aprobetxatzean" datza osasungintzako aldaketa, Urkulluren arabera

O. P. | EITB Media

Elkarrekin Podemosek Sagardui sailburuaren adierazpen polemikoen inguruan galdetu du eta osasun sistema indartzeko itun bat proposatu du. Iñigo Urkulluk berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Lehen Arretan eta osasun publikoan duen konpromisoa.

1:15
Iñigo Urkullu. Argazkia: Irekia.

Joan den ekainaren 8an Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aipatu zuen "aldaketa kulturala", Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, "pandemiaren aurretik ezezagunak ziren egoeretara aurreikusten eta egokitzen jakitea eta botika eta teknologia berrien abantailak aprobetxatzea da".

Horrela erantzun dio lehendakariak Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzaren kontrolerako saioan gaur egindako galderari. Gorrotxategiren ustez, "paradigma aldaketa" bati buruz hitz egiteak krisia sakontzen du eta "legitimatu egiten du azken urteotan gertatzen ari den eraiste planifikatuaren prozesua". Bozeramaile morearen esanetan, "helburua ezin da izan osasun publikoaren egoera txarra egonkortzea; zerbitzu publikoa defendatu behar da".

Horretarako, "gutxienekoen itun" bat proposatu dio Jaurlaritzari, hiru neurri zehatzekin: "Lehen Arretako inbertsioa handitzea osasun publikoaren aurrekontu osoaren % 25eraino; pribatizazioak lehengoratzeko konpromisoa, eta kirurgietan edo proba diagnostikoetan itxarote-zerrenden dekretua betetzeko konpromisoa; eta, behingoz, Osakidetzan orokorra den prekarietateari azkena ematea". Horretarako, profesional medikoen "itzulera-plan" bat  proposatu du, egonkortasunerako bermeekin eta pizgarriekin. 

Elkarrekin Podemos-IUren itun-proposamenaren aurrean, Lehen Arreta hobetzea gobernu-programaren "lehentasuna" dela adierazi du lehendakariak.

Ildo horretan, azpimarratu duenez, Jaurlaritzak "Lehen Arreta indartuko du asistentzia-integrazioan aurrera eginez", eta plantillak "handitu, berritu eta sendotu" egingo direla iragarri du.

Era berean, "profesionalen prestakuntza eta aitorpena hobetuko dira", adierazi du. "Desberdintasunik gabeko, hurbilagoko eta pertsonen zerbitzura egongo den osasunaren alde lan egiten jarraituko dugu. Jaurlaritzak konpromisoa du helburu horiekin, eta bete egingo ditugu", adierazi du.

Azkenik, "brotxa lodiz" egindako titular eta kritikak alde batera utzi eta euskal osasunaren defentsaren alde lan egiteko "benetako konpromisoa" hartzeko beharra aldarrikatu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena