Politika -
Gipuzkoa
Kontseilu Sozialistako zenbait kidek itxialdia hasi dute Hernaniko udaletxean
"Hernaniko San Joan jaietako txosnagunean ezarri diguten beto politikoa altxarazi eta irtenbide bat lortzeko borondatez" hasi dute protesta, ohar baten bidez zabaldu dutenez.
eitb media
Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako zenbait kide Hernaniko udaletxean sartu dira eta itxialdia hasi dute "San Joan jaietako txosnagunean ezarri diguten beto politikoa altxarazi eta irtenbide bat lortzeko borondatez".
Kontseilu Sozialistak gazte ezkertiarrek eta abertzaleek osatzen dituzte, baina Sorturekin eta EH Bildurekin kritiko direnak. Kolektiboak ohar baten bidez zabaldu duenez, "txosna batzordeko hainbat eragileren ekinbidez, txosna jartzea ukatu zaigu inolako arrazoi edo justifikaziorik gabe. Sortu eta EH Bildu beto politiko bat ezartzen ari dira Mugimendu Sozialistaren aurka Hernanin, baita baldintzak dituzten leku guztietan ere".
"Azken hilabeteetan, saiatu izan gara egoerari aterabide bat ematen, lehendabizi, txosna batzordean bertan, eta, ondoren, EH Bildu buru duen udal gobernuarekin. Hainbat proposamen egin izan ditugu, txosnaguneko ohiko kokapena aldatzea proposatuz (Bilgune Feministak jarritako aitzakiak saihesteko) edota gure txosnarentzako kokapen alternatiboak mahai gainean jarriz. Udalaren partetik, ez da borondaterik egon konponbiderako, aukera orori muzin egin die, txosnen eskumen osoa txosna batzordeari aitortzen diola errepikatu digute", adierazi dute.
Mugimenduaren iritzian, agintariak espazio publikoa "pribatizatzen" ari dira, "gure eskubidea den txosna bat jartzeko aukera justifikaziorik gabe ukatzen".
"Horregatik, udaletxean itxialdia egingo dugu konponbide bat lortu arte", esan dute.
Udala: "Onartezinak dira mehatxuak"
Bestalde, Udalak adierazi du "mehatxu eta jazarpen" guztiak "onartezinak" direla.
Gainera, txosnen antolakuntza "txosna batzordearen ardura" dela azaldu dute. Horregatik, batzorde horren "kudeaketa eredu autonomoa" balioetsi egin nahi izan du, eta aurreratu du "bete" egingo dituela horren erabakiak.
Horregatik, errefusatu egin du txosnagunetik kanpo txosna gehiago jartzeko beste espazio bat sortzea.
Ricardo Crespo PSE-EEko udal bozeramaileak gaitzetsi egin du okupazioa, eta Udala "errespetatzeko" deia egin du, "denon erakundea" baita.