Politika -
Elkarrizketa radio euskadin
Oterok, argindarraren BEZa jaisteko neurriari buruz: "Neurri aringarria da, emaitza aringarriak emango ditu"
GKSk egindako akusazioaren inguruan Oterok esan duenez, "korronte berri hau ekitaldiak, hitzaldiak, kontzertuak... antolatzen ari da EH Bildu buru den zenbait udalerritan, esaterako, Hernanin, Oñatin edo Berriozarren. Hortaz, EH Bilduk betoak ezartzen dituela esatea erabat bidegabea da".
Iker Gonzalez | eitb media
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez Pedro Sanchezek iragarritako argindarraren BEZaren jaitsieraren inguruan, "neurri aringarria da, eta emaitza aringarriak ekarriko ditu". Hala, Oteroren esanetan, prezioak erabakitzeko sistemak indarrean jarraitu bitartean, "gasaren prezioak goraka jarraitu bitartean, fakturaren zati handiena horrek baldintzatuko du".
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenaren arabera, "BEZa txikiagoa bada, zati txikia jaitsiko da, baina MW/ordukoa 150 eurotik gora ordaintzen jarraituko dugu, eta duela 3-4 urte 50 edo 60 euroan zegoen".
Espainiako Gobernuak larunbatean onartzea espero duen neurrien dekretuari buruz mintzatu da Otero, eta, azaldu duenez, ezer baino lehen, ikusiko dute "zeintzuk diren onartuko dituzten neurri zehatzak, eta aztertu egingo ditugu, bereziki energiarekin zerikusia dutenak". "Edozein modutan, iragarri genuen moduan", eta "azken urteetako ibilbide fidagarriari begira, aukerak eman dizkiogu Gobernuari, eta etsipena ez sortzeko egin behar duena neurri ausartak hartzea da, hortik joko dugu".
Neurri ausartak, Oteroren iritzian, bi dira: horietako bat prezioak ezartzeko sistema aldatzea, EBren menpe dago, hori aldatu beharra dago "sistema baztertzailea delako, energiarik garestienak gainerakoena igoarazten du"; hala, horrek eragiten du "berriztagarriak gasaren prezioan ordaindu behar izatea". "Desagertzera kondenatuta dagoen sistema da", iragarri du.
Bestea, "energia konpainiek zerutik erorita izan dituzten irabaziak. Onartezina da inoizko preziorik altuenak izanda, energiaren sektoreko enpresek inoizko irabazirik handienak izatea; esku hartu behar da, zergen bidez, eta irabazi handi horietatik zati bat berreskuratu, fakturetako deskontuetan isla daitezen, edo zuzenean kontsumitzaileen poltsikoetan".
"EH Bilduk betoak ezartzen dituela esatea guztiz bidegabea da"
Mikel Oterok Gazte Kontseilu Sozialistak (GKS) azken egunotan egindako ekitaldiez eta esandako adierazpenak ere izan ditu hizpide. EH Bilduk eta Sortuk betoa inposatzen dietela salatu du GKSk azkenaldian.
Oterok esan du ez duela ulertzen EH Bilduk betoa ezartzen duela esatea, izan ere, "korronte berri hau ekitaldiak, hitzaldiak, kontzertuak... antolatzen ari da EH Bildu buru duen zenbait udalerritan, esaterako, Hernanin, Oñatin edo Berriozarren. Hortaz, EH Bilduk betoak ezartzen dituela esatea erabat bidegabea da".
"Hernanin, gobernantza irekiko eredua erabiltzen dugu, horretan, pertsonek zein taldeek ardurak hartzen dituzte, horren adibide da txosnetako batzordea autonomoa dela. Ondorioz, hartzen dituen erabakiak ere autonomoak dira", azaldu du.
Hortik aurrera, "interesgarria litzateke indarrak batzeko modua topatzea, ez ezkerreko indarren artean lekua ukondoka zabaltzen saiatzea, batzuetan, faltsuak diren talkak erabilita".