Politika -
PSE-EEren jardunaldiak
Herriaz beharrean, botereaz arduratzea egotzi dio lehendakariak EAJri
Jaurlaritzak porrot egiteko helburuarekin, zergen inguruko eztabaida baztertzea egotzi dio EAJri Patxi Lopez lehendakariak.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak zergen inguruko eztabaida baztertzea egotzi dio EAJri, Jaurlaritzaren kudeaketak porrot egiteko helburuarekin.
PSE-EEk BECen egin dituen "Ezkerraldea eta meatze-gunea" izeneko jardunaldien amaiera ekitaldian egon da lehendakaria. Herriaz beharrean, botereaz arduratzea egotzi dio lehendakariak EAJri, zergen inguruko eztabaida baztertzeagatik.
Konstituzioa eta Estatutua aldatu daitezkeela adierazi du lehendakariak, eta ildo honetan, "foru eskubideak zergatik ez?" galdetu du. Sozialistentzat, "ez dago testu sakraturik", gaineratu du.
Bestetik, PPk gobernatutako Madril eta Valentzia kritikatu ditu, "denoi iruzur egiteagatik". Honen harira, sozialistek horren "errua" al duten galdetu dio Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari, eta "euren hondamendiak orain denok ordaindu behar ditugula" adierazi du.