Politika -

Memoria historikoa

Eusko Jaurlaritzak bi erakusketa aurkeztu ditu Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena dela eta

Bi erakusketa dira, bata, Gogorak prestatua; eta bestea, Ertzaintzak antolatua, biak Ermuko Udalarekin lankidetzan. Erakusketak uztailean zehar egongo dira zabalik.

Miguel Angel Blancoren omenezko erakusketa. Irekiaren bideo batetik ateratako argazkia.
Miguel Angel Blancoren omenezko erakusketa.
Miguel Angel Blancoren omenezko erakusketa. Irekiaren bideo batetik ateratako argazkia.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak bi erakusketa aurkeztu ditu gaur, astelehena, Miguel Angel Blancoren oroimenez eta omenez egingo diren ekitaldiak direla eta, ETAk hil zuela 25 urte betetzen direnean.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ermuko alkatearekin batera, Miguel Angel Blancoren hilketaren "bidegabekeria islatzen" duten bi erakusketak aurkeztu dituzte Bizkaiko udalerriko Izarra Centren.

Bat, Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta bestea Ertzaintzak antolatu dituzte. Ermuako Udalarekin lankidetzan antolatu dira biak, uztailean zehar Bizkaiko herri horretan egingo diren ekitaldi, erakusketa eta omenaldien sustatzailea baita.  

Aurkezpenean izan dira ETAren hainbat biktima, Ertzaintzako agenteak eta Eibarko eta Ermuako gazteak, guztiak ere bi erakusketaren parte eta protagonista direnak.

Erkorekaren esanetan, erakusketa horien bidez "Miguel Angel Blancoren bahiketak iraun zuen 48 orduetan bizitako larritasun pertsonala, familiarra eta soziala sentituko dugu". "ETAren biktima guztiak ere gogoan ditugu berarekin", adierazi du.

Gogoratzeaz gain, sailburuak aitortu du agente guztiek egindako lana, "isilean eta modu anonimoan, terrorismoaren urteetan erabat ezezagunak izan ziren polizia-lanetan parte hartu zutenak, euskal gizarte osoa babesteko".

Erakusketaren aurkezpena Ermuan. Argazkia: Irekia.

Zentzu horretan, "gogoratzea ez errepikatzeko bermea dela" esan du. "Gure betebeharra memoria egitea da, etorkizunari itxaropenez begiratzeko", gaineratu du sailburuak.

Bestalde, Artolazabalek gogora ekarri du Miguel Angel Blanco, terrorismoaren biktima eta proiektu totalitario baten biktima, egungo gizarteari "erreferentzialtasun etiko eta morala" ematen dion pertsona, eta, gaineratu duenez, "herrialde bateko zuntz moralaren sendotasuna biktimekiko duen begirunearen arabera ere neurtzen da".

Sailburuaren hitzetan, Miguel Angel Blancori egiten zaion omenaldia ondokoak aintzat hartuta egin da "terrorismoaren biktimak erdigunean jarriz; bakearen defentsan eta terrorismoaren deslegitimazioan aitzindari izan ziren pertsona eta erakundeen konpromisoa balioetsiz; eta etorkizunari begira, euskal gazteen begiradaren bitartez".

Euskal gazteria aipatu du Artolazabalek, "indarkeria adierazpen oro deslegitimatzeko eta ez errepikatzeko berme gisa", eta bertan dauden gazteei zuzendu zaie. "Etorkizun baketsurako bermerik onena zarete", esan du eta horren alde borrokatzera animatu ditu.

Sailburuak, bere hitzaldiaren hasieran, gogora ekarri du Begoña Urroz Ibarrola, DRILLen biktima, Donostian atentatu batean hil zela 62 urte betetzen diren egunean.

Gogora institutuaren erakusketa

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak diseinatu duen erakusketa gaur irekiko da jendearentzat. Guztira 180 metro karratuko eremu bat hartzen du, hiru aretotan banatuta, eta Ermuako Izarra Centreko laugarren solairuan jarri da. Izenburua du "Miguel Ángel Blanco gogoan / Elkarbizitza eraikiz".

Gogorak ikus-entzunezko ibilbide bat diseinatu du 12-15 minutuko bideoekin. Bideo bakoitza modu independentean ikus daiteke, baina erakusketaren ikuspegi bateratuak Euskadiren duela gutxiko historian barrenako bidaia egiteko aukera ematen du eta, gainera, gertatutakoaren gainean hausnarketa egitera eta horren memoria osatzera eta partekatzera gonbidatzen du horretarako gaitutako txoko batean, era horretara, memoria eraikitzen laguntzeko.

Lehenik eta behin, protagonismo osoa eman zaie gertaera traumatiko hura bizi ez zuten baina euren herriko duela gutxiko historia euren familien eta programa hezitzaileen bidez ezagutu duten Ermuako eta Eibarko gazteei. Gazte horien gogoetak "iragan traumatikoaren eta etorkizun itxaropentsuaren arteko, elkarbizitza baketsuaren aldeko, hari nagusia dira"; izan ere, "iraganean gertatu zena jakin nahi dutela aldarrikatzen dute etorkizunean hutsegite berberak ez egiteko eta giza eskubideen eta elkarbizitzaren aldeko apustua sendotzeko", azaldu du.

Erakusketaren aurkezpena Ermuan. Argazkia: irekia.

Bigarrenez, erakusketara hurbiltzen direnek, gaurtik aurrera, aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte ETAren biktimen familiartekoen lekukotasunak. Gobernuak Gogoraren ikus-entzunezko funtseko lekukotasunen laburpen bat prestatu du ("Biktimen memoria"), Euskadin bizi izandako terrorismoa ikus-entzuleei hurbiltzeko terrorismo hura jasan zutenen begiradaren bidez. Gogoraren helburua da ikuspegia ezinbestez gizatiartzea, terrorismoak eta indarkeriak Euskadin berekin ekarri zuenaren larritasunaren helmena ulertzeko.

Azkenik, hirugarren gunean, Gogorak mugimendu bakezaleen historia erakutsiko du, hasi zenetik Euskadin indarkeria amaitu zenera artekoa ("Mugimendu bakezaleak Euskadin"). Helburua da berariazko aitorpena egitea, egoerarik okerrenetan ere, indarkeriari eta zentzugabekeriari publikoki erantzuten jakin zuten pertsonei eta kolektiboei.

Erakusketa, azken batean, duela gutxiko iragana ahaztu gabe etorkizun adiskidetsua eraikitzen saiatzen ari den gizartearen isla da; duela gutxiko gure memoria, hain zuzen ere, memoriari buruzko politika publikoaren oinarrizko ardatzetako bat bihurtu duen gizartearen isla.

Ertzaintzaren Erakusketa  

Ertzaintzak Ermuako Izarra Centren sortu duen gunea 100 metro karratuko eremu batean antolatutako ibilbide inguratzaile eta multisentsoriala da. Erakusketak bereizita baina, aldi berean, elkarren segidan dauden 6 gune ditu, eta, osotasunean hartuta, esperientzia berritzailea eta dinamikoa eskaintzen diote ikusleari; izan ere, ikus-entzunezko formatuak, esaldiak, poemak, aipuak eta objektuak daude bertan, bai eta erakusketa bisitatzen duenaren ikuspuntua duten interakzioak eta jokoak ere.

Eusko Jaurlaritzak sortu duen erakusketak argiarekin ere jokatzen du, eta gune intimo eta ilunenetik abiatzen da, ETAren historiaren zatirik ankerrena islatuz. Horien artean dago Miguel Angel Blanco hil zuteneko 25. urteurrenari eskainitako lekua. Euskadiko mapan bildutako leku horretan bideo bat ikus daiteke, atzera-kontaketako formatuan, nolabait ere bere bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun soziala islatzen duena. Bestalde, leku horretan egongo den bitrina batean ikusi ahal izango da hil zutenetik gaur arte egin den ikerketa osoa biltzen duen polizia-atestatuko 12 liburukien erreplika bat.

Hortik aurrera, erakusketan, pixkanaka-pixkanaka argia sartzen hasten da, eta, hurrengo guneetan, Ertzaintzaren egungo lana eta gizartearekin duen elkarreragina, gazteen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako egungo ikasleen lekukotasunak eta euskal gizartearen erresilientzia eta etorkizunera begiratzeko gogoa egiaztatzen duten hainbat esaldi erakusten dira.

Era horretara, erakusketa beirate handi batean amaitzen da, amarru moduan antolatuta: esaldi batzuk alderantziz idatzita daude, eta ikusleak, irakurri ahal izateko, ispilu-azalera baten aurrean jarri beharko du eta ispiluak esaldiak ongi eratuta itzuliko dizkio eta horien artean bere isla ikusi ahal izango du. Erakusketan, urruneko errealitate baten ikusle gisa sartzen diren eta bidaia hunkigarri horretan bizi izandako historiaren parte eta protagonista sentituz irteten diren pertsonekin egiten den jokoa da. ETAk eragindako kaltearen gainean hausnarketa egiteko eta norberak bere konpromisoa hartzeko gonbidapena da. Gainera, liburu bat jarriko da nahi duenak, gero, bere desioak edo sentimenduak adierazi ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Ermua Eusko Jaurlaritza ETA PP Araba Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak gaur Gogora