Politika -

Profila

Urkullu: Alderdian hazitako gizona, Lehendakaritzaren erronkari begira

Gizon serioa, metodikoa eta erlijiosoa da, eta familia giroa gustuko du. Elkarrizketarako jarrera irekia duela diote, eta manera oneko politikaria dela, gehiegikeriarik gabekoa.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Renteria
Iñigo Urkullu. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJko EBBk Iñigo Urkullu aukeratu du datozen hauteskundeetarako lehendakarigai. Aurrez aurre, erronka bikoitza du Urkulluk: lehendakaria izatea eta EAJ berriz Jaurlaritzara eramatea.

Iñigo Urkullu Renteriak (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) irakasle ikasketak egin zituen, ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu.

Politika munduan gizon moderatutzat dute. Serioa, metodikoa eta erlijiosoa da, eta familia giroa gustuko du. Seriotasuna galtzen ez duen arren, Urkullurengana hurbiltzea erraza dela diote, eta gertuko harremanetan adeitsua dela.

Elkarrizketarako jarrera irekia erakutsi du sarritan, eta gehiegikeriak albo batera uzten dituen manera oneko politikaria dela uste dute askok.

Jarrera ireki horren adibide ugari utzi ditu azken urteotan. Izan ere, lau urte egin zituzten jeltzaleek eta PPko ordezkariek elkarren arteko elkarrizketarik egin gabe, baina 2008an harremanei ekin zieten berriz, Urkulluk Antonio Basagoitirekin egindako bilerari esker.

Mariano Rajoy Gobernuko presidentearekin ere bildu da Urkullu, PPko buruak agintea eskuratu ondoren; eta ezaguna da Jose Luis Rodriguez Zapatero lehengo presidentearekin ere harreman ona zuela.

Ezker abertzaleko kideak ere hartu ditu Urkulluk Sabin Etxean. EAJren eta ezker abertzalearen arteko harremana ''normalizatzea'' ahalbidetu zuen biler horietako batel.

Patxi Lopez lehendakariarekin, baina, harremana ez da hain erraza iza.

Alderdian hazitako gizona

1986an legebiltzarkidea izan bazen ere, bere ibilbide politiko guztia EAJ barruko karguetan egin du Urkulluk.

80ko hamarkada amaieran ekin zion politikari. 23 urte zituela, EAJko Bizkaiko exekutibako kide zen, eta bertan jarraitu zuen 2007a arte.

Javier Atutxak BBBren presidente kargua hartu zuenean, zerrendan bigarren geratu zen Urkullu, eta bozeramaile kargua ere hartu zuen.

Handik lau urtera, Atutxak kargua utzita, Urkulluk hartu zuen BBBren buruzagitza. Zazpi urte geroago, EAJko presidente izendatu zuten estreinakoz, eta urte hasieran karguan berretsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea