Politika -

Miguel Angel Blanco

Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako bozeramaile ohia: "Zentzu pixka bat espero genuen"

"Basakeria hura ez egiteko itxaropen izpi bat nuen", azaldu du, EITBpodkast-en egindako elkarrizketa batean. Francisco Alvarez Cascosek izan zuen jokabidea gaitzetsi du sailburu ohiak, "amaren itxaropenaz barre egin zuelako".

Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia.
Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia.
Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenean, 1997an, Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea zen. Chillida-lekun zegoen Jose Antonio Ardanza lehendakariak albistearen berri eman zionean. Bahitzaileei PPko zinegotzia "askatzea eskatzeko EITBren bidez komunikazio ofiziala" egiteko zeregina eman zion lehendakariak.

Bere bulegoa Miramonen, Euskadi Irratian, jarri eta berehala egin zuen. 48 ordu bortitz haietako lehen uneak bertan bizi izan zituen. ETAren aldetik, "zentzu pixka bat" espero zuten, adierazi duenez. "Basakeria hura ez egiteko itxaropen izpi bat nuen", erantsi du.

Enpatiatik familia laguntzeko papera izan zuen sailburu ohiak; izan ere, une askotan "bakarrik" egon ziren, Alderdi Popularreko buruzagien babesik gabe, nahiz eta boterean izan.

Garmendiak gogorarazi duenez, Miguel Angel Blancoren ama "ez zen hitz askoko emakumea". Sailburu ohiaren ahotan, biktimaren amaren ondoan egoten saiatu zen: "harremana, laguntza eta hurbil izatea".

Egun haietako oroimen "oso argiak" ditu, batez ere "sufritzen ari zen familiaz barre egin" zutenez. EITBpodkasteko Gogoan podcasteko kapitulu honetan (gaztelaniaz), izen-abizenekin gogora ekartzen ditu, Maite Mayoren galderei erantzunez.

Dagoeneko Miguel Angel Blanco, hilzorian, ospitaleko ZIUn zegoela, "sekula ahaztuko ez dituen orduak" bizi izan zituela aitortu du. Nahiz eta heriotzaz hitz egin, biktimaren amak "itxaropena zuen", nabarmendu duenez. Antza denez, Galiziatik bere ahizpa bat iristekoa zen eskapulario batekin, eta semea suspertu behar zuela uste zuen Miguel Angelen amak, oso fededuna baitzen.

"Alvarez Cascosek amaren itxaropenaz barre egin zuen"

Zentzu horretan, Francisco Alvarez Cascos Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak (1996-2000) izan zuen jokabidea gaitzetsi du sailburu ohiak, "amaren itxaropenaz barre egin zuelako".

Amaren desira ulertzen du Garmendiak, "etsipenaren etsipenez", eskapularioa gainean jarrita, semea berriro bizitzara itzuliko zela uste zuelako. "Nik ere ez nuen horretan sinesten", onartu duenez.

"Albistea eguerdiko albistegietara heltzeko interes oso handia zuten politikari batzuek, konkretuki, lehen aipatu dudan pertsonak; eta heriotzaren berri emateko orduan, atzerapen bat ez zitzaion komeni PPren komunikazio politikari", kritikatu du.

"Emakume gaixoaz barre egin zuten; hura oso gogorra izan zen", azpimarratu du. Gainera, "medikuek Blancoren heriotzaren berri eman zutenean, bere alderdiko politikariek alde egin zuten", erantsi duenez.

Garmendiaren esanetan, "familiaren atsekabe uneak batzuek modu oso interesatuan, gaiztoan, erabili zituzten".

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohiak, aldiz, Carlos Totorika Ermuko alkate sozialistaren figura laudatu du: "dotore jokatu zuen maila instituzionalean zein pertsonalean; ez dut sekula ahaztuko".

Azkenik, "goizean Consueloz, Miguel Angelen amaz, barre egin zuen ministro berdina, arratsaldean pankarta atzean zegoen", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak