Politika -
Demokrazia defendatzearren
Bakearen Aldeko Koordinakundeak Ramon Rubial saria jasoko du
Koordinakundea "hogei urte baino gehiago bizitza eta askatasuna" defendatzen aritu dela nabarmendu du Rubial Fundazioak.
Erredakzioa
Ramon Rubial Fundazioak "Demokraziaren eta askatasunaren defentsa" aitortzen duen saria emango dio Bakearen Aldeko Koordinakundeari. "Balore sozialisten defentsa" saritzen duena, berriz, Norvegiako Langileen Alderdiak jasoko du.
Koordinakundea "hogei urte baino gehiago bizitza eta askatasuna" defendatzen aritu dela nabarmendu du Fundazioak, eta "euskal gizartearekin" eta "terroristen zigorra jasan dutenekin" duen konpromisoa hainbat aldiz erakutsi duela gaineratu du.
Fundazioaren buruak, Lentxu Rubialek, azaldu duenez, Bakearen Aldeko Koordinakundea "eredu bat izan da herritarrentzat", eta atentatu terroristak kondenatzeko deitzen zituen kontzentrazioek "isiltasunaren bidez, askatasun eta bake oihua bidaltzen zuten".
Bakearen Aldeko Koordinakundeak (1986an sortu zen) otsailaren 11n egin zuen azken manifestazioa, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuela adierazi ostean, indarkeria armatua salatzeko ez zituztela berriro herritarrak mobilizatu beharko iritzita.