Politika -
espetxe politika
ETAko 12 preso lekualdatu dituzte Hego Euskal Herriko kartzeletara
Diego Ugarte Lopez de Arcaute, Iurgi Garitagoitia, Juan Carlos Besance, Zigor Bravo Saez de Urabain, Alicia Lucia Saez de la Cuesta, Mikel Xabier Ayensa, Aitor Garcia Aliaga, Manex Zubiaga, Itziar Alberdi, Juan Jesus Narvaez Goñi eta Iñigo Vallejo dira euskal espetxeetara hurbildutako presoak.
agentziak | eitb media
Barne Ministerioaren menpeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ETAko beste 12 preso lekualdatuko ditu Euskal Herriko kartzeletara.
Hala, Diego Ugarte Lopez de Arcaute Leongo Mansilla de las Mulas espetxetik lekualdatuko dute, eta Iurgi Garitagoitia, berriz, Logroñokotik, Barne Ministroak jakitera eman duenez. Biak ari dira zigor luzeak betetzen, eta horien herenera iritsiko dira 2027an eta 2033an, hurrenez hurren.
Juan Carlos Besanceren lekualdatzea ere iragarri du Barne Ministerioak, Dueñasko (Palentzia) espetxetik.
Zigor Bravo Saez de Urabain, orain arte Soriako kartzelan zegoena, eta Angel Maria Telleria ere badira zerrendan.
Horiei batzen zaizkie Alicia Lucia Saez de la Cuestaren eta Mikel Xabier Ayensaren izenak, Logroñotik ekarriko dituztenak.
Era berean, Burgoseko kartzela batetik euskal kartzela batera eramango dituzte Aitor Garcia Aliaga eta Manex Zubiaga.
Gainera, Itziar Alberdik eta Juan Jesus Narvaez Goñik osatzen duten bikotearen lekualdatzea ere onartu dute. Duela 22 urtetik Mexikon bizi ziren iheslari gisa seme-alabekin, eta 2014an estraditatu zituzten. Biek ala biek beteko dituzte euren zigorren herenak 2029an.
Bukatzeko, Iñigo Vallejo El Duesoko kantabriar zentrotik hurbilduko dute.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) gogor kritikatu du Fernando Grande-Marlaska zuzendari duen departamentuaren erabakia. Ohar batean salatu du ETAko "50 preso soilik" geratzen direla Hego Euskal Herritik kanpo, eta iradoki du Barne Ministerioak oporrak "aprobetxatuz" adosten dituela lekualdaketa horiek, "zarata mediatiko gutxiago" dagoenean.
Elkartearen kalkuluen arabera, ETAko presoen % 70 Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetan dago preso.