Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Mikel Irujo: "Fokua garrantzitsuak diren gauzetan jarri behar da, eta efizientzia energetikoa bultzatu"

Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan azaldu du Nafarroako Gobernuak hamarkada bat daramala energia aurrezteko neurriak hartzen. Hala, nabarmendu du urteotan kontsumoa % 16 txikitu dutela, baina horretan “gehiago” sakonduko dutela.

Mikel Irujo Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA
Mikel Irujo Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA
Mikel Irujo Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilaria. Argazkia: EITB MEDIA

play icon 24:21

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udazkenean Errusiak Europari gas-hornidura eteteak ekar lezakeen arazoen eztabaidari helduta, Mikel Irujo Nafarroako Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak uste du ekonomiari eusteko erantzuna dela energia aurreztea, berriztagarrien ekarpena handitzea eta autokontsumoa sustatzea. Hala adierazi du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, eta azaldu du Nafarroako Gobernuak horretan diharduela azken hamarkadan, "baina, orain, horretan sakondu behar dugu gehiago".

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak ezarritako kontingentzia planaren harira, Irujok azpimarratu du ez dela nahikoa erakusleihoak eta eraikuntza publikoen argiztapena gauez amatatzea, eta, Nafarroako kasua mahai gainean jarrita, nabarmendu du energia gehien kontsumitzen duten sektoreak industria eta merkataritza (% 42) direla, baita garraioa ere (% 37). Hori dela eta, nabarmendu du, egoerari aurre egiteko, fokua ezinbesteko gauzetan jartzea eta efizientzia energetikoa bultzatzea "oso garrantzitsuak" direla.

"Krisialdi honetan, jokoan dago enpresen lehiakortasuna". Hala, industriarekin batera, Nafarroako Gobernua neurri bereziak hartzen ari dela azaldu du kontseilariak, trantsizio energetikoari lotutako inbertsioak egiten laguntzeko dirulaguntzak banatu eta neurri fiskalak egokitu, besteak beste. Izan ere, dioenez, enpresa batek produkzioa handitu dezake energia kontsumoa murriztu arren, "egingarria da, baina ezjakintasun handia dago orokorrean".

Irujok iritzi duenez, krisialdi energetikoa ez da epe laburrekoa izango; "krisi hau ez da pasako". Kontuak horrela, trantsizioa "bai ala bai" egin behar dela nabarmendu du, "eta egingo dugu".

Horri lotuta, kontseilariak jakinarazi du Nafarroako Gobernuak duela hamarkada bat ekin ziola bide horri, "baina, orain, are gehiago bultzatu beharko ditugu neurriok". Gogoratu duenez, azken 10 urteetan, Nafarroak % 16 murriztu du energiaren kontsumoa, "azkenengo 8etan bereziki". Orain, bide horretan hartutako neurrietan sakonduko dutela iragarri du, Europatik etorritako Next Generation diru funtsekin batez ere.

Irujok gogoratu du energiaren prezioaren gorakadak industriaren eta enpresen etekinak txikitu dituela, eta, ildo horretan, defendatu du sindikatuek beharginen soldatak KPIra egokitzea baino, diru-sariak "orekatu" egin beharko liratekeela. "Datuak ikusita, inflazioa energiaren igoerak eragin du batez ere, hori da KPIa tenkatzen ari dena. Gainera, Europa mailatik dioten bezala, espero dugu abuztutik aurrera inflazioa txikitzen hasiko dela, eta horren arabera ikusi beharko da zer egin". Hala, sindikatu eta enpresarien arteko soldaten inguruko eztabaidan oreka bilatzea defendatu du, "inbertsioak egiteko gaitasuna mantendu behar dute enpresek. Baina egia da soldatak ere apur bat igo behar direla inflazioarekin batera".

Uda lehorra

Azken hilabeteotako sute eta lehorteek lehen sektorea kolpatu dutela azpimarratu du Irujok. Ekoizpenak murriztu dira, eta, sektore batzuetan, uzta aurreratu egin behar izan da. Hala ere, nabarmendu du Nafarroan dituzten ur kanalizazioei esker, orokorrean, esplotazioa mantendu ahal izan duela sektoreak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Irratia euskaraz Energia aurrezteko neurriak gaur Energia iturriak