Politika -
Kopako finala
Urkullu: 'Calderonen % 99k egindako txistualdia garaile atera zen'
Hala ere,"Esperanza Aguirrek esandakoekin" alderatzerik ez dagoela gaineratu du.
Erredakzioa
Vicente Calderonen jokatutako finalean "100.000 wattio jarri arren" eta "TVEk tartean ereserkiaren audioa igo arren" "52.000 ikusleen % 99k egindako txistualdia" gailendu egin zela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak.
Jeltzaleak artikulua idatzi du bere blogean, "100.000 wattio eta zenbait 'gora España' vs. 54.000 ikusle" izenburupean. Bertan esandakoen arabera, bera ez da inoiz txistualdien aldekoa izan, eta "erakundeekin lotutako ekitaldiei egindako errespetu faltak" "nahigabea eta desadostasuna" eragiten diotela sarritan esan duela azpimarratu du.
Era berean, desadostasuna agertzeko "kultura berria" alde batera ezin duela utzi adierazi du, baina kultura hori "errespetu faltarekin eta, askotan, irainekin batera" adierazten dela salatu du, "batez ere erakundeekin lotutako edozer gauzaren aurrean, ez bakarrik politikan".
"Tamalez, txaloetara baino horrelako adierazpenetara ohituago egon behar dugula dirudi", gaineratu du.