Politika -

Gobernuaren erantzuna Amaiurri

Gobernuak dio Barrionuevori eta Galindori ez zaiela damutzea eskatzen

Sabino Cuadrak eskatutako azalpenen harira, Gobernuak Amaiurri adierazi dio Barrionuevori eta Galindori ezingo litzaiekeela ETAri eskatzen zaion damua exijitu.

Sabino Cuadra Kongresuan.
Sabino Cuadra Kongresuan.
Sabino Cuadra Kongresuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

GALeko heriotzengatik kondenatuei (Mareyren bahiketa edo Lasa eta Zabalaren hilketak) ezingo litzaieke barkamena eta damuaren exijentzia ezarri, ETAko presoei espetxe onurak ezartzeko garaian eskatzen zaien bezala. Horixe izan da Gobernuak Amaiurri eman dion erantzuna, izan ere, Sabino Cuadrak azalpen bat eskatu zion eta Gobernuaren arabera, kondenatu horiek ez ziren talde armatu bateko partaide. Gainera, "ETAko kideak ez bezala, ez ziren inoiz harro sentitu egindakoarekin".

Segundo Marey bahitu zutenek eta Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala ustezko ETAko kideak hil zituztenek, biktimei kalte-ordainak eman zizkieten eta eragindako mina onartu zuten Gobernuaren arabera.

Horregatik, Gobernuak adierazi du Marey auzian (1998) eta Lasa eta Zabala auzian (2001) jarritako 5 eta 30 urte bitarteko espetxe zigorretan ez zegoela erakunde terrorismoaren partaidetza aipatzen.

Hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna ematerakoan, Espetxeetako Lege Organiko Orokorreko eta Kode Penaleko artikuluak oraindik ez zeudela indarrean azaldu du Gobernuak, hain justu, Amaiurrek aipatzen zituen bi baldintzak erregulatzen dituzten araudiak, izan ere, bi baldintza horiek, 2003ko erreforman sartu zirela ekarri du gogora Gobernuak.

Gainera, "epai horietan ez zen aipatzen kondenatuak talde terrorista bateko partaide zirenik, beraz, legedia indarrean egongo balitz ere, ezingo litzaieke ezarri", zehaztu du.

"ETAko presoekin gertatzen den moduan, krimen horiengatik kondenatuak (Jose Barrionuevo ministro ohia, Rafael Vera Estatuko idazkari ohia eta Enrique Rodriguez Galindo zuzendari ohia) ez ziren talde terrorista baten kide izan ezta harro azaldu ere", Gobernuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea