Politika -
Donostian
Arriolak ez du baztertu EAJ-Bildu ituna egotea, hauteskundeen ostean
Gipuzkoako sozialisten buruaren esanetan, Bilduk "EAJri esker gobernatzen du Gipuzkoan, onean eta txarrean koalizio independentistari oniritzia eman diolako".
Erredakzioa
Iñaki Arriola Gipuzkoako sozialisten buruak ez du "inolaz ere" baztertu, hauteskunde autonomikoen ostean, EAJren eta Bilduren arteko ituna, alderdi jeltzaleak berak "aintzat hartu duelako". Gainera, "egun, Gipuzkoan, ematen ari dena da", azpimarratu du Arriolak.
Donostian izandako prentsaurreko batean Arriolak azaldu duenez, Bilduk "EAJri esker gobernatzen du Gipuzkoan, onean eta txarrean koalizio independentistari oniritzia eman diolako".
"Historikoko EAJren eta PSEren arteko itunak posibleak izan dira baina egun, bi alderdien arteko harremana hotza eta urruna da", adierazi du Arriolak, "EAJk Patxi Lopezen Gobernuaren kudeaketari etengabeko oposizioa egin diolako".
Hauteskundeen balizko aurrerapenari buruz Arriolak esan duenez, "lehendakariak hartu beharreko erabakiak hartuko ditu eta beti Euskadiren interesen mesederako izango da". Halaber, PSEk aurrekanpaina jada hasi izana errefusatu du.
Bilduren 'jarrera pasiboa'
Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenetik urtebete igaro da eta Arriolak horren balantzea egin du. "Bilduk jarrera erabat pasiboa izan du eta ez dio krisiari aurre egin", salatu du, "are okerragoa: ez du ezta saiatu ere egin".
Sozialistak koalizioaren "inbertsio faltak" azpimarratu ditu. Halaber, Bildu Pasaiako portuaren, Abiadura Handiko Trenaren edo errausketa-instalazioaren aurka dagoela gogoratu du. "Garitanoren Gobernuaren etorkizuna ilun baino ilunagoa da", baieztatu du.