Politika -
Euskadi
Eusko Jaurlaritzak krisi ekonomikoa eta energetikoa aztertuko ditu urte politikoa abiatzeko bileran
Ohi bezala, urte politiko berriaren lehen bilera Miramar Jauregian egingo du. Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du 12:00etan. Prentsaurrekoa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan abiatuko du urte politiko berria, eta, lehen batzarrean, krisi ekonomiko eta energetikoa izango dute hizpide.
Urtero bezala, urte politiko berriaren lehen Gobernu Kontseilua Donostiako Miramar Jauregian egingo dute.
Osoko bilkura 10:30ean hasiko da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak eta bere gobernuko sailburuek prezioen etengabeko garestitzearen eta energia krisiaren ondorioak aztertuko dituzte; izan ere, egoera hori datozen hilabeteetan luzatuko dela aurreikusten da.
Bileraren ondoren, Urkulluk prentsaurrekoa eskainiko du 12:00etan, eta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
Urte politikoa martxan jarrita, Eusko Legebiltzarrak irailaren 22an egingo du Politika Orokorreko osoko bilkura.