Politika -

Iruñea

Nafarroako banderarekin dirua "xahutzea" leporatu dio Iruñeko Udaleko oposizioak Mayari

PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik adierazpen bat onartu dute, Iruñeko Foruen plazan jarritako bandera hasieran iragarritakoa baino % 78 gehiago kostatu dela salatzeko. "Engainu saiakera" eta "justifikaziorik gabeko gastua" izan dela salatu dute.

Bandera-igotze ekitaldiko une bat, ekainean.
Bandera-igotze ekitaldiko une bat, ekainean.
Bandera-igotze ekitaldiko une bat, ekainean.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak adierazpen bat onartu du astearte honetan Presidentetza Batzordean, PSN, EH Bildu eta Geroa Bairen botoekin, gobernu taldearen "xahutzea" eta "opakutasuna" salatzeko, Foru plazan Nafarroako bandera erraldoi bat jartzeko 178.000 euroko gastua egin izanagatik, hasieran iragarritakoa baino % 78 gehiago. Alkatetza duen Navarra Sumak kontra bozkatu du. 

Maite Esporrin PSNko zinegotziak salatu duenez, bandera jartzearekin ados egonik ere, "diru publikoa xahutu da eta egoera ekonomikoarekin bat datorren beste modu batean egin zitekeen".

Era berean, Enrique Maya alkatearen "engainu saiakera" kritikatu du, kostua 100.000 euro ingurukoa izango zela jakinarazi bazuen ere, bere horretan jada "eskandalu hutsa zena", azkenean ia 180.000 eurotara igo baita. 

EH Bildutik, Eva Arangurenek ziurtatu du Navarra Sumak "sinboloa mespretxatzen" duela bandera "alderdikeriaz erabiliz lotsak estaltzeko", hala nola "Labriteko pasabidearen xahutzea". "Kalkulu eta seriotasun falta hori iruindar guztien poltsikoari ari zaio kalte egiten", berretsi du Arangurenek, eta "bandera jartzeak dakarren gainkostua euren poltsikotik ordaintzeko" eskatu die arduradunei.

Geroa Bairen aldetik, Patxi Leuzak uste du Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako zinegotziak "dimititu" egin beharko lukeela, "ez duelako horrelako obra bat egiteko gaitasunik"; bere iritziz, % 78ko gainkostua aldez aurretik pentsatu ez bada "kudeaketa negargarriagatik" dimititu beharko luke, eta jakinaren gainean egin badute, "herritarrak engainatzeagatik". Halaber, adierazi du "benetako arazo soziala" dagoen garaiotan, "jende asko baldintza oso penagarrietan dagoenean", guztiz justifikaezina dela gastu hori. 

Fermin Alonsok (NA+)  identitate-kontu batera eraman du eztabaida, eta oposizioari "ikurrina Nafarroako bandera baino nahiago izatea" leporatu dio. Azaldu duenez, "kostua erabat justifikatuta dago, eta aurrekontua ere aldatu egin da", esan du. Gainkostua, gaineratu duenez, azterketa geoteknikoan aireratutako "mikropiloteen bidezko zimendu bat egiteko beharrak ekarri du, garestiagoa dena", bai eta zimendu horren argiztapen eta hura egiteko obra zibilak ere. Gastu horiek zekartzaten erabakiak, bandera instalatu ostean hartu ziren, 'a posteriori', Alonsoren hitzetan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Navarra Suma