Politika -
Arrosaren Eguna
PSE: 'Datorren legealdian, Euskadi gobernatzeko prest gaude'
Arrosaren Eguna ospatuko dute sozialistek igandean, Durangon. Bertan, Alfredo Perez Rubalcaba eta Patxi Lopez izango dira, besteak beste.
Erredakzioa
Hurrengo legealdian Euskadi "gobernatzeko prest" daudela esan du gaur Alfonso Gil PSEko Antolakuntza idazkariak. Mezu hori Arrosaren Egunean igorriko dute sozialistek, igandean, Durangoko Landako azokan.
Sozialistek hauteskundeak galdu egingo dituztela uste duten guztiei "erantzuna" emango dietela gaineratu du Alfonso Gilek.
Arrosaren Egunean, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia, Patxi Lopez lehendakaria eta Jose Antonio Pastor PSEko bozeramailea izango dira, besteak beste.
Gilek azpimarratu duenez, egun horretan "Euskadiko sozialisten ahotsa entzun egingo da", eta ez "haien interesen arabera interpretazioak egiten dituztenena". "PSE egoera txarrean dagoen alderdia dela esaten dute behin eta berriro, eta Patxi Lopezen Gobernua bukatutzat ematen dute", gaineratu du.
"Hauteskundeak aurreratzea, hori da haien hauteskunde programan daramaten proposamen bakarra", kritikatu du.
"Zergatik galdu behar ditugu hauteskundeak, gauzak ondo egin baditugu? Gobernu honek bakea ekarri eta Euskadi aurrera atera du. Alderdi honek aro politiko berria eta Euskadiko agenda politikoa markatu ditu", adierazi du.
Gilek berretsi duenez, sozialistak datorren legealdian gobernatzeko "prest" daude.