Politika -

2023ko udal hauteskundeak

Donostiako alkategaia aukeratzeko primarioak abiatuko ditu PSE-EEk gaur

Marisol Garmendiaren eta Odon Elorzaren artean egongo da lehia. Urriaren 9an izango da lehenengo itzulia, eta alkategaia nor izango den erabakiko dute Donostiako hiru elkarte sozialistetako 600 bat kidek.

Marisol Garmendia eta Odon Elorza. Argazkia: Socialistas Vascos
Marisol Garmendia eta Odon Elorza. Argazkia: Socialistas Vascos
Marisol Garmendia eta Odon Elorza. Argazkia: Socialistas Vascos

T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023ko udal hauteskundeei begira, Donostiako alkategaia hautatzeko hauteskunde primarioak abiatuko ditu PSEk gaur, astelehenarekin. Atzera-kontaketa irailaren 19an hasiko da, hautagaitzen aurkezpenekin, eta datorren urriaren 16an bukatu, primarioen bigarren itzuliaren egunean. Donostiako hiru elkarte sozialistetako 600 bat kidek orain arte aurkeztu diren bi hautagaien artean aukeratu beharko dute: Odon Elorza Donostiako alkate ohia eta Marisol Garmendia Donostiako Udaleko egungo bozeramaile sozialista.

Odon Elorza

Donostiako elkarteetako idazkari nagusiei eta militanteei bidalitako gutun batez bidez jakinarazi die Elorzak alkategai izan nahi duela. "Kezkagarria iruditzen zait Donostia batzuen autokonplazentziaren eta dauden arazoen aurrean dagoen zalantzaren artean mugitzea. Funtsezko gaien definizio ezak lidergo falta ezkutatzen du. Eta uste dut ilusioa itzuli behar zaiela Donostiako herritarrei, Udalari bultzada berri bat emango dion proiektu baten bidez, hiriak gainditu gabeko erronkei aurre egin diezaien", azpimarratu du Donostiako alkate ohi eta Espainiako Kongresuko egungo diputatu sozialistak.

Marisol Garmendia

Marisol Garmendia Donostiako Udaleko PSE-EEko bozeramaile eta alkateordeak ere alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu du aste honetan, eta PSE-EEk Donostian duen "lidergoa berritzeko garaia" dela adierazi du.

"Uste dut garaia dela emakume bat, gogoz, ilusioz, anbizioz eta herritarrenganako hurbiltasunez, Donostiako sozialisten buru izateko eta hiriko lehen emakume alkatea izateko. Hori da nire helburua eta horren alde borrokatuko naiz", adierazi du. "Nik ez dut vintage-politikarik egiten, bakoitzak bere lekua eta bere garaia du, eta orain niri dagokit", azpimarratu du.

Primarioen egutegia

-Irailaren 19tik 20ra: hautagaitzak aurkeztea

-Irailaren 21etik 27ra: hautagaien bermeak jasotzea eta aurkeztea (gutxienez 57 beharko dituzte)

-Irailaren 29tik urriaren 8ra: informazio kanpainak abiatzea

-Urriaren 9an: primarioen lehenengo itzulia

-Urriaren 16an: primarioen bigarren itzulia

Gainerako alderdiak

Beste alderdi politikoetan ere datorren udaberrirako udal eta foru hauteskundeen inguruko mugimenduak hasi dira.

EH Bilduren kasuan, Donostiako Alkatetzarako Juan Karlos Izagirre proposatu die EH Bilduk koalizioko kideei. 2011 eta 2015 urteen artean Donostiako alkate bihurtu zen Izagirre, Odon Elorza sozialista ordezkatuta. EAJn, berriz, baieztapen ofizialik egon ez bada ere, litekeena da Eneko Goia egungo Donostiako alkatea izatea berriro 2023ko hauteskundeetarako alkategai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Berriak Politika Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Eneko Andueza