Politika -
Lehen urteko balantzea
Bilduk hauteskundeak eskatu ditu Legebiltzarrari zilegitasuna emateko
Azken udal eta foru hauteskundeak izan zirenetik urtebete igaro denean, koalizioaren ordezkarien arabera, Bildu "funtsezkoa" izan da erakundeetan, batzuek oraindik "asmilatu ezinik" jarraitu arren.
Erredakzioa
Bilduk Eusko Legebiltzarrari "zilegitasun politiko eta soziala" itzultzeko hauteskundeak berehala deitzeko eskatu du. Koalizioko ordezkariek foru eta udal hauteskundeak izan zirela urtebete igaro denean erakundeetan egindako jardueraren lehen urteko balantzea egin dute, eta "Euskal Herrian aldaketa politikoa eta soziala jazotzeko lehen pausuak" eman dituztela adierazi dute.
Bilduko hautetsiek Donostian eman dute prentsaurrekoa, bertan Aitor Etxarri Leitzako zinegotzia eta Idoia Ormazabal Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduren ordezkaria denak idatzi bat irakurri dute euskaraz eta gazteleraz eta Bildu erakundeetara heldu izana "funtsezkoa" izan dela azpimarratu dute.
Hala ere, oraindik hori "asimilatu ezinik" jarraitzen dutenak daudela adierazi dute, eta EAJren, PSE-EEren eta PPren interesek "Bilduren proposamenak eta proiektuak geldiarazteko helburuarekin bat egiten" dutela salatu dute.
Azken hauteskunde prozesuetan "euskal gizartearekin antzekotasun handiagoa duen panorama politiko eta instituzionala osatzen joan" dela azaldu dute prentsaurrekoan. "Orain aukera politiko guztiak legeztatzea eta Legebiltzarrak borondate sozial horri erantzutea falta da, eta hori lortu ahal izateko, erakunde horri zilegitasun politikoa eta soziala itzuliko dizkion hauteskundeak berahala deitzea nahi dugu", erantsi dute.