Politika -

Politika Orokorreko Eztabaida

Elkarrekin Podemos-IU herri-itunetara zabalik, betiere arlo publikoaren defentsa badute oinarrian

Miren Gorrotxategik Hezkuntza, Osasun eta Energia publikoa babestu ditu, publikotasuna baita, bere hitzetan, "jendearen bizi-baldintzak duintzeko, herritarren eskubideak bermatzeko eta Euskadi berdinzaleago, bidezkoago eta kohesionatuago baten bermea izateko" bide bakarra.

Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IU, gaur Legebiltzarrean. EITB Media.
Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IU, gaur Legebiltzarrean. EITB Media.
Miren Gorrotxategi eta Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos taldeko parlamentarioen agerraldi osoa

30:23

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, gaur Eusko Legebiltzarrean egin den Politika Orokorrari buruzko Eztabaidaren hasierako hitzaldian lehendakariak deitu dituen herri-itunetan jarri du arreta, eta itun horien "edukia formatuaren beraren gainetik" jarri behar dela adierazi du.

Gorrotxategiren ustez, "herri-itunek balio behar dute jendearen bizi-baldintzak duintzeko, herritarren eskubideak bermatzeko, eta Euskadi berdinzaleago, bidezkoago eta kohesionatuago baten bermea izateko", eta hori, bere ustez, "publikoa dena babestuz, hobetuz eta zabalduz" lortzen da.

Nabarmendu duenez, "publikoa da jaio zaren familiaz harago berdintasun-baldintzak ematen dizkiguna, berdin hemen edo Senegalen jaioz gero, berdin bulego batean, tornu batean edo supermerkatu bateko kutxan lan egin edo Nerbioiaren alde batera edo bestera bizi. Publikoa da etxeko langileari eta exekutibo gorenari tratu bera ematen diona".

Hezkuntza eta Osasuna

Ildo beretik mintzatu da, halaber, Hezkuntzaz eta Legebiltzarrean gehiengo zabal batek adostutako hezkuntza-itunaz. Hori bai, deitoratu du Hezkuntza Saila ez dela adostutakoa betetzen ari eta ez-betetze horiek "sektore pribatua indartzea eta sare publikoa ahultzea" izan dutela helburu, "egungo hezkuntza-sistema  segregatzailea iraunaraziz eta, beraz, euskal eskola publikoaren egoera larriagotuz".

"Ez direnez hitzartutakoa betetzen ari, argi hitz egin behar dut", esan du Gorrotxategik; "Guk beti bermatu eta bultzatuko dugu eskola publikoa, zinez gure hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin. Horren kontra joatekotan, ezingo diogu gure babesa eman Hezkuntza Lege berriari", azpimarratu du.

Osasunari eta, "dirudienez ikasturte honetan onartuko den" Osasun Publikoaren Legeari buruz, Gorrotxategik nabarmendu du "aurrekari kezkagarriak" daudela, hala nola "sailburuak 'aldaketa kulturalaz' egindako adierazpenak edo Lehen Arretaren desegitea". Eta galdetu du ea hori den "XXI. mendera egokitutako" osasun-eredua, eta ea elementu horietan datzan euskaldunen osasungintzako "aldaketa kulturala". "Izan ere, hori horrela bada, ezinezkoa da 'herri-itun' bat arlo honetan. Osakidetzaren pribatizazioa, zerbitzuak kanpora ateratzea edo aseguru pribatuak sustatzea helburu duen osasun arloko 'herri-itunik' ezin da egon. Egiten den legeak zerbitzu publikoa indartu behar du, batez ere Lehen Arreta, eta bertako langileen lan-baldintzak duindu behar ditu", azpimarratu du.

Energia, ekonomia eta autogobernua

Energiaren arloan, Gorrotxategik adierazi du herri-itun bat egotekotan, bi ardatz izan beharko dituela: "Justizia soziala (trantsizio energetikoa ezin baita oinarritu faktura oligopolioaren onuren kontura handitzean), eta larrialdi klimatikoaren aurkako borroka". Administrazio publikoek ondasun energetikoak herritarrei bermatzeko duten eginkizuna defendatu du, eta, horretarako, beharrezkotzat jo du "energia-merkatuan esku hartzea eta, behingoz, euskal energia-enpresa publiko bat sortzea".

Elikagaien prezioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak "gure abeltzainei eta baserritarrei beldurra sartu nahi" izatea eta "kontsumitzailea ekoizlearen aurka jarri nahi" izatea kritikatu du, "frogatuta dagoenean jatorri- eta helmuga-prezioen arteko aldea batez ere espekulazioaren ondorio dela. Eta nork espekulatu dezake elikagaiekin? Argi dago nork duen botere handiena elikadura-katean: banatzaile handiek eta merkataritza-guneek". Horregatik, ezinbesteko jo du "banatzaile handiekin kontsumitzailearentzako prezio eskuragarriak negoziatzen hastea, berehala".

Autogobernuari dagokionez, Gorrotxategik azpimarratu du herri-itun nagusia dela "gure politikak ezartzeko esparrua" baita, eta "zerbitzu publikoak eta euskal herritar guztien oinarrizko eskubideak blindatzeko aukera". "Beraz, herri-itunak? Noski. Baina, betiere, zerbitzu publikoen defentsa eta indartzea badute oinarrian. Izan ere, publikotasuna da Euskadiko ongizateari eusten diona, publikotasuna da gizarte kohesionatu, berdintasunezko eta bidezkoa egiten duena, herritarrei aukera berdinak ematen dizkiena, eta, jakina, gure eskubideak eta beharrak oligopolioen, multinazionalen eta ilaje desberdineko funts putreen menpe egotea eragozten duena. Izan ere, guretzat, publikoaren banderak eta ikurrinak kolore bera dute", esan du.

Bestalde, Iñigo Martinez IUko legebiltzarkideak berdintasuna eta aberastasunaren bidezko banaketa "kausa komunaren, Euskal Hiriaren oinarria" izatea defendatu du. Era berean, Eusko Jaurlaritza "boteretsuen malkoekin biguntzen" ari izatea salatu du eta "enpresaren alde" jartzea kritikatu du, soldatak "zentimo bat gehiago ere debaluatu ezin direnean". Halaber, "agortuta" dagoen Osakidetzaren aldeko neurriak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta "indartsu" baten eta fiskalitate "bidezkoago" baten aldeko neurriak hartzeko deia egin du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Miren Gorrotxategi