Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Urkullu: 'EAJren helburua Eusko Jaurlaritza berreskuratzea da'
EAJko EBBren presidenteak, bestalde, "zuhurtzia" eskatu die bakegintzan eta normalizazioan murgilduta dauden agenteei.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak adierazi duenez, epe laburrera begira jeltzaleen lehentasuna Eusko Jaurlaritza "berreskuratzea" da "Euskadiri zor zaion izena berrezartzeko", erantsi du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "egungo legealdia aspalditik agortuta dago" eta alderdi politiko gehienek hauteskundeak aurreratzeko eskatu dute "modu batera edo bestera", izan ere, bere ustez, "gizarte honek ez du horrela jarraitzea merezi".
Urkulluren iritziz, PSE-EE "bakarrik dago, gobernuan jarraitzearekin itsututa, eta helburu bakar batekin, denbora hau Lopezen irudiarentzat kanpaina gisa erabiltzearekin, Eusko Jaurlaritzatik egin daitezkeen promozioez baliatuz, baina legealdia, berez, agortuta dago", erantsi du.
Egungo egoera politikoak "etorkizunari begirako bidea argi duen gobernu sendo baten beharra du" Urkulluren aburuz, eta hori dela eta, "hauteskundeak aurreratzea ona" litzatekeela azpimarratu du, beste behin.
"Zuhurtzia", bakegintzan ari diren agenteei
Iñigo Urkulluk bakegintzan eta normalizazio politikoan murgilduta dauden agenteei "zuhurtziaz" jarduteko eskatu die, eta "bai batzuek, bai besteek, pausoak ematen" jarraitzearen alde agertu da, "batik bat ezker abertzaleak bere osotasunean", erantsi du.
Jeltzaleak adierazi duenez, "tristura" sentitzen duela Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariek "behin eta berriz" egiten dituzten adierazpenekin, izan ere, "hedabideetan esandakoak beste norbaitek erabil dezakeen arantza izan dezakete, eta testuingurutik kanpo hartutako hitzak modu desegokian ulertu daitezke", esan du.
"Zuhurtziaren mezua igorri diegu, eta nik ere zuhurtziaz jokatuko dut. Jarrai dezagun, batzuok eta besteok, pausoak emanez, eta batik bat, ezker abertzaleak eman behar dituenak eman ditzala, ezker abertzaleak bere osotasunean", azpimarratu du.