Politika -
EAEko hauteskundeak
Basagoiti: 'Denok batera bizi behar dugu, Batasunakoak barne'
Hauteskundeak "azaroa baino lehen" egiteko proposamena berretsi du Basagoitik.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak berretsi du bere alderdiaren helburua Euskadin, "denak elkarrekin bizitzea" dela, "Batasunakoak barne".
EFE agentzian egindako elkarrizketa batean, datozen erkidegoko hauteskundeen inguruan hitz egin du Basagoitik, eta xedea "euskaldun guztiak batera bizitzea" dela adierazi du,"alderdi guztietako lagunak bizi garelako Euskadin, PPkoak, nazionalistak, PSOEkoak eta Batasunakoak, horiek ere hor daude, eta denak batera bizi behar dugu".
2013ko otsailerako aurreikusita dauden EAEko hauteskundeen harira, Basagoitik uste du EAJk eta Batasunak "herrialdea hausteko pausoak" emango dituztela, eta proiektu ezberdin bakarra eskaintzen duen alderdia PP dela esan du. "Estatutua eta Konstituzioa defendatzen dugun bakarrak gara".
"Sozialistak ez dira gure etsaiak; PSE ez da nire arerioa. Bilduren eta EAJren kontrapisua izan nahi dut, izan ere, Gipuzkoan jada bazkide dira, EAJk ahalbidetu baitzuen ezker abertzalearen aurrekontuak onartzea". Bestetik, hauteskundeak aurreratzeko proposamena berretsi du Basagotik, "azaroa baino lehen egitea", Jaurlaritzak aurrekontuak denbora nahikoarekin aurkeztu ahal izateko.
Ezker abertzalea egotearen inguruan, "Batasunak, Bilduk edo Sortuk ez dute sinesgarritasunik, ETA ez baita desagertu eta hauteskundeak baino lehen desagertzen ez bada, ez dute inoren boza merezi", adierazi du.
Azkenik, indarkeriaren mehatxuagatik joan behar izan zutenek EAEn bozkatzeko aukera aipatu du. EAJk jada "hauteskunde-iruzurra" dela adierazi du, eta ildo honetan, "hauteskunde-iruzur nazionalista egon da 30 urtez", erantzun die Basagoitik, "PPk eta PSEk ezin izan ditugulako ordezkariak izan herri batzutan. Ondarroan nik dudan zinegotziak Bilbon bizi behar izateaz, zeinek atera du onura?", ondorioztatu du.