Politika -
Bilbon
Omenaldia egin diote ETAk duela 25 urte hil zuen Txema Agirreri
Ertzaina Guggenheimetik kanpo zaintza lanetan ari zela hil zuten 1997ko urriaren 17an, museoa inauguratu baino egun batzuk lehenago.
N. B. | EITB MEDIA
Txema Agirre ertzainaren lankideek omenaldia egin diote ostegun honetan Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan, ETAk hil zuela 25 urte bete direla eta.
Maite Mollinedok, Txema Aguirreren alargunak, eta ertzainaren beste senide eta lagun batzuek omenaldian parte hartu dute, Victoria Landa Ertzaintzako zuzendariarekin, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariarekin, Ertzaintzaren buruzagiekin eta duela 25 urte hildako agentearen lankideekin batera.
Omenaldia, aurrekoetan bezala, lore-eskaintza bat izan da Txema Agirre oroitzeko monolitoaren aurrean, Guggenheim ondoan dagoen plazan, ertzainaren izena daramana.
Ekitaldia 12:30ean izan da Guggenheim Museoko zabalgunean, 1997ko urriaren 17an ETAko kideek Agirre tirokatu zuten tokiaren inguruan. Agenteak furgoneta susmagarri bat ikusi zuen, eta, furgonetarantz zihoala, atentatua egiteko erabili behar zituzten lehergailuak ezkutatzeko lorontziak jartzen ari zen ETAko kideetako batek tiro egin zion.
Sare sozialen bidez, Iñigo Urkullu lehendakariak Agirre gogoratu zuen atzo, eta elkartasuna adierazi zien "zuzenean edo zeharka" ETAren "bidegabekeria" pairatu duten guztiei.
Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren "Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura" arautzea.
Arauketa berri horrekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogorarazteko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.