Politika -
EPPK-ren deklarazioaren ostean
Urkulluk ETAko presoak 'biktimarena egitea' kritikatu du
EAJko presidentearen esanetan, EPPK-ren adierazpena "ez da aurrerapauso bat". "Ez du ezer berririk ekartzen", azpimarratu du jeltzaleak Trapagaranen izan den Ibilaldian.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak adierazi duenez, larunbat honetan Gernikan izandako Euskal Preso Politikoen Elkarteak zabaldutako adierazpena "ez da aurrerapauso bat". Halaber, "lorpen politikoak" izateko ETAko presoek "biktimarena egitea" salatu du.
Trapagaranen (Bizkaia) izandako Ibilaldia euskal eskola pribatuen jaialdiaren ospakizunean parte hartu du Urkulluk, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentearekin batera.
Kazetariek presoen azken adierazpen honen gainean galdetu diote Urkulluri eta honek esan duenez, adierazpenak "ez du ezer berririk ekartzen". "Atzerapauso bat baino gutxiagoa da", nabarmendu du. "Irailean presoek egindako adierazpenaren ostean, aurrerapauso bat espero nuen eta atzokoa ez da izan, argi eta garbi", esan du jeltzaleak.
Halaber, presoen ordezkariek "kolektiko politikoaren izendura bereganatu dute eta lorpen politikoak irabazteko, biktimarena egin dute". "Ezker abertzaleak jakin beharko du zer gertatzen ari da bere barnean", ondorioztatu du.