Politika -
EPPK-ren deklarazioaren ostean
Patxi Lopez: 'Ez da amnistiarik ezta autodeterminaziorik egongo'
Durangon izandako Arrosaren Jaialdian lehendakariak adierazi duenez, Rajoyren murrizketak saihesten jarraituko du, lehendakari sozialista bat egon bitartean, ezarriko ez dituelako.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak Euskal Preso Politikoen Elkarteari ohartarazi dionez, "ez da amnistiarik ezta autodeterminaziorik egongo" eta, gainera, "askatasunaren trukean ez dugu ezer ordainduko".
Patxi Lopez Durangon (Bizkaia) izandako PSEren Arrosaren Festan izan da igande honetan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin batera.
Lehendakariak azpimarratu duenez, "askatasun garai berri batean gaude baina esfortsuak egiten jarraitu beharko dugu elkarbizitza egonkortzeko eta egungo baldintzek eskatzen duten elkartasunarekin jokatzeko". "Baina hori, lehenengoz, 40 urtez terrorismoa sustatu dutenek egin behar dute", zehaztu du.
"Atzo berriro desengainua hartu genuen, ez da amnistiarik ezta autodeterminaziorik egongo eta askatasunaren truke ez dugu ezer ordainduko", azaldu du, "legezkotasuna egongo da, presoen birgizarteratzea baimentzen duen legezkotasun bat, hain zuzen ere".
"Gaurko askatasunaren jaialdia ere da, ETA garaitu dugulako, borrokari eutsi diogulako, irmo egon gara eta inork ez gaitu mendean hartu", adierazi du.
Murrizketak
Murrizketen harira, Patxi Lopezek adierazi duenez, Mariano Rajoyren murrizketak saihesten jarraituko du. "Euskadin lehendakari sozialista bat egon bitartean, politika sozialak eta Ongizate Estatu mantenduko ditugu, elkarrizketa soziala eta sindikatuekin enplegu-hitzarmenak sinatuko ditugu, ekonomia dinamizatzeko eta krisiari aurre egiteko".
Rubalcaba
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak "ezberdintasun sozialak areagotu" izana egotzi dio PPko Gobernuari. "Rajoyk boterera iristean, txarto zegoena oso txarto dago orain, eta ondo zegoena, txarto dago egun".
Rubalcabak nabarmendu duenez, PPk ez du "plan bat" eta "krisia gainditzeko guztion artean hitz egin dezakegula" gogoratu dio Alderdi Popularrari.