Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Denis Itxasok Euskadik botere judizial propio bat izatea baztertu du

Urkullu lehendakariak Euskadirentzako botere judizial propioa aldarrikatu eta biharamunean, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du soberania maila esparru askotan banatuta dagoela.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn (artxiboko argazkia)
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn (artxiboko argazkia)
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn (artxiboko argazkia)

play icon 24:06

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadirentzako botere judizial propioa aldarrikatu eta biharamunean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak errotik baztertu du euskal botere judizial propio baten beharra. Soberania maila esparru askotan sakabanatuta dagoela argudiatuta, ez dio zentzu handirik ikusten horri. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.

Gaur duela 43 urte onartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek Gernikako Estatutua, eta oraindik bertan jasotako hainbat eskumen transferitu gabe daude. Irailean Eusko Legebiltzarrean egin zen Politika Orokorreko eztabaidan, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko bitariko batzorde iraunkor bat osatzeko proposamena egin zion Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari. Atzo, Iñigo Urkulluk publikoki bere kexa adierazi zuen oraindik ez duelako erantzunik jaso. Denis Itxasok ez du lantalde hori sortzeko beharrik ikusten; are gehiago, bi gobernuen artean elkarlanerako nahiko espazio badaudela azpimarratu du.

Aldiriko tren zerbitzuaren eskumen aldaketari buruz galdetuta, akordioa gertu egon daitekeela iradoki du Denis Itxasok. Lurralde Politikako Ministerioak bere proposamena igorri dio Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari. "Nire ustea da proposamen hau oso gertu dagoela azkenean Transferentzien Bitariko Batzordera eramango den dokumentu horretatik", gaineratu du. Dena dela, esan du berak badakiela Eusko Jaurlaritzak ez diola proposamenari erantzun.

Urdaibain egin asmo den Guggenheim museoaren harira Espainiako Gobernua dirua jartzeko prest ote legokeen galdetuta, nabarmendu du euskal erakundeen arteko adostasuna ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuko ministerio ezberdinek ere parte hartu dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Denis Itxaso Albisteak Gaur Eguneko albisteak Euskadi Irratia