Politika -

Aurrekontu proiektua

Osakidetzan beste 919 egiturazko plaza gehitzea aurreikusten du Osasun Sailak 2023an

Joan den urrian dagoeneko, Gobernu Kontseiluak Osakidetzak azken bi hamarkadetan izan duen plantillaren hazkuntzarik handiena onartu zuen, 2.467 plaza guztira (haietatik, 358 Lehen Mailako Arretarako).

Osakidetzako profesionalak Basurtuko Ospitalearen kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako profesionalak Basurtuko Ospitalearen kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako profesionalak Basurtuko Ospitalearen kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, Aurrekontuen Lege Proiektuak aurreikusten du Osakidetzan beste 919 egiturazko plaza gehiago gehitzea; hala, 30.992 profesional izango dira.

Joan den urrian dagoeneko, Gobernu Kontseiluak Osakidetzak azken bi hamarkadetan izan duen plantillaren hazkuntzarik handiena onartu zuen, 2.467 plaza guztira (haietatik, 358 Lehen Mailako Arretarako); hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturazko plantillak 30.073 postu ditu.

Osasun Sailaren aurrekontua 4.638,9 milioi eurokoa izango da 2023an, 2022koarekin alderatuta % 6 gehiago (256,9 milioi). Horrela, azken urteetan izandako hazkundeari eutsi zaio: 2022an % 5,9, 2021arekin konparatuta; 2021ean % 4, 2020arekin alderatuta; eta 2020an % 6, aurreko urtearekin alderatuta.

Osasun Saila da, berriro ere, aurrekontu sail handiena duen Eusko Jaurlaritzaren arloa. Sagarduik azaldu duenez, ahalegin horren helburua da "desberdintasunik gabeko osasunerantz aurrera egitea, hurbilagoa eta pertsonen zerbitzura dagoena, osasunarekin eta ongizatearekin lotutako politika publikoak bultzatuz".

Eusko Jaurlaritzak osasunean egingo duen per capita inbertsioa 2.114 eurokoa izango da 2023an, hau da, % 25 inguruko igoera pandemiaren aurreko azken urteko (2019) zenbatekoarekin alderatuta.

Herritarrentzako zuzeneko osasun-arretan ere biltzen da aurrekontu hazkunderik handiena 2023an. Horrela, Osakidetzara bideratutako aurrekontu saila berriro hazi da, zehazki % 6, 3.733 milioi eurora iritsiz. Kopuru horretatik, bi heren baino gehiago (% 65) langileentzako dira, eta gastua aurreko ekitaldiko 2.264 milioi eurotik 2023ko 2.426 milioira igoko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak