Politika -

2023ko aurrekontuak

EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak akordioa itxi dute aurrekontuen harira

Bi aldeek erreforma fiskala adostu dute. Kenkariak aplikatuko dizkiete errenta baxuenei, eta 200.000 eurotik gorako kapital errenten karga handituko dute. Sozietateen gaineko zerga bere horretan geratuko da. EH Bilduk abstentziora joko du, eta 15 milioi euroko balioa duten ekarpenak erantsi ditu.

Santos, Aierdi, Saiz, Remirez, Aznal, Ruiz eta Araiz. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ezkerretik eskuinera, Santos, Aierdi, Saiz, Remirez, Aznal, Ruiz eta Araiz.
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2023rako Aurrekontuen Orokorren inguruko akordioa erdietsi dute

1:16

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laugarren urtez jarraian, aurrekontu akordioa itxi dute Nafarroako EH Bilduk eta Foru Gobernuak (PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk osatutakoa, I-Ek babesten badu ere) datorren urteko kontuak onartzeko.

Bi aldeek nabarmendu dutenez, "akordio orokorra" da erdietsitakoa, aurrekontuetako partiden inguruan ez ezik, fiskalitatearen arloan ere neurriak adostu dituztelako. Jakinarazi dutenez, erreforma fiskala burutuko dute, batez ere errenta baxuenen mesedetan. Hala, 18.000 eurotik beherako errentei 540 euroko kenkaria aplikatuko zaie, eta progresiboki ezarriko dituzte 35.000 eurora arteko errentetan. Halaber, urtean 14.500 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek ez dute errenta aitorpena egin beharko. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergak bere horretan jarraituko du, eta hiru milioi euro baino gehiagoko zergadunei 200.000 eurotik gorako kapital errenten karga handituko diete eta ondare zerga aplikatuko zaie.

Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez (sinaduraren argazkia ere zabaldu du, albistean ikus daitekeena), bi aldeak bat etorri dira "aurrekontu-testuinguruaren azterketa orokorrean; hau da, honako hauek markatu dute: covid-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioek, eta handik eratorri diren faktoreek, hots, inflazioa, erregaiaren prezioaren igoera, gasaren eta elektrizitatearen igoera eta hipoteketan interes-tasaren igoera". Hori horrela, egungo egoerari aurre egiteko "premiazko neurriak eta neurri aringarriak" adostu eta "zerbitzu publikoei eta kalitatezko zaintza-politikei eusteko beharrezko egiturazko neurriak" ere hitzartu dituzte.

Bi aldeek asteak daramatzate negoziatzen eta hitz egiten. Hain justu, gaur heldu da aurrekontu proiektua Parlamentura. Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proiektua eman dio Unai Uhalde ganberako presidenteari. Parlamentuko bidea abenduaren 22an bukatuko da, aurrekontuak osoko bilkuran onartuta.

Hualde eta Saiz, ekitaldian.

Hualde eta Saiz, ekitaldian.

EH Bildu: "Eskuina kanpoan uzteko balio du akordioak"

Eguerdian prentsaurrekoa egin du EH Bilduk itunaren nondik norakoak azaltzeko eta balorazioa egiteko. Koalizioaren esanetan, akordioa "ona" da, eta "ez da kasualitatea, logika politiko bati erantzuten baitio, eskuina kanpoan uztearena, hain zuzen". EH Bilduk 15 milioi euroko balioa duten proposamenak erantsi dizkio proiektuari eta, besteak beste, tokian tokiko erakundeen finantzaketa eta 0-3 urteko hezkuntza aipatu dituzte gako gisa.

Agerraldian, Laura Aznal EH Bilduren foru hauteskundeetarako presidentegaia, Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Bilduren burua eta Adolfo Araiz bozeramailea izan dira. Hirurek iragarri dutenez, abstentziora joko du taldeak aurrekontuen zein neurri fiskalen bozketetan.

Bakartxo Ruizen aburuz, "ez dira EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak, baina hobetu ditugu. Balio handiko akordioa da, eta eskuinarekiko alternatiba aurrerakoia eta ezkerzalea eratzeko norabidean doa".

Araizek argitu du erreforma fiskala izan dela gai gatazkatsuena, eta negoziazio gehien eskatu duena. "Gure helburuak ziren atzerapausorik ez egotea eta gehien duenak gehiago ordaintzea. Ez dugu eraldaketa estrukturala lortu, baina pauso txikiak eman ditugu", azaldu du.

Azkenik, Aznalek azpimarratu duenez, itunak "legegintzaldia amaitzeko falta den horretan aurrera egiteko balio behar du, baina baita datorrenari begiratzeko ere".

Araiz, Ruiz eta Aznal prentsaurrekoan.

Araiz, Ruiz eta Aznal prentsaurrekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSN Nafarroa gaur Ekonomia 2024 EH Bildu Nafarroa Adolfo Araiz Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Podemos gaur Nafarroako Gobernuko presidentea Nafarroako Aurrekontuak 2024