Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Hauteskundeak aurreratzea 'beharrezkoa' dela iritzi dio Xabier Agirrek
Arabako EAJko presidenteak "ikurrina jantzita kanpaina" egitea egotzi dio lehendakariari.
Erredakzioa
Xabier Agirre Arabako EAJko presidenteak adierazi du EAEko hauteskundeak aurreratzea "beharrezkoa" dela, eta Patxi Lopez lehendakariari "ikurrina jantzita kanpaina" egitea egotzi dio.
Halaber, autogobernuari egin dakiokeen "eraso handiena" krisiaren aurkako neurririk ez hartzea dela esan dio.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Agirrek ukatu egin du EAJk Espainiako Gobernuaren murrizketen antzekoak onartuko dituela Eusko Jaurlaritzan agintzen badu, Patxi Lopezek leporatu bezala, baina "neurriak" onartuko lituztekela gaineratu du.
"Iaz, Lopez jaunaren Gobernuak ez zuen bete zorpetze muga, eta aurten bide beretik goaz. Egoera ekonomikoa larria da, eta jaun hori hauteskunde kanpaina egiten ari da, autogobernua defendatuko duela esanda", nabarmendu du.
ABBko presidentearen esanetan, lehendakariak "ez du neurriak hartzen, ikurrina jantzita kanpaina egitea da haren kezka, eta hauteskundeak aurreratzearen aukera ez da etorri PPren eta PSOEren arteko ika-mika baten ondorioz, baizik eta herrialdeak behar duelako".