Politika -
Erreforma
Demokraziaren Aldeko Epaileak: "Desordena publikoko delituak modernizatu behar dira, zaharkituta daude"
Edmundo Rodriguez Achutegi epaile aurrerakoien elkarteko Idazkaritzako kide eta Bizkaiko Auzitegiko magistratuak azaldu duenez, Europako gainerako herrialdeek ez bezala, Espainiako estatuak "XIX. mendeko araudiari" eutsi zion.
Agentziak | EITB Media
Edmundo Rodriguez Achutegi Demokraziaren Aldeko Epaileak elkarteko Idazkaritzako kide eta Bizkaiko Auzitegiko magistratuak uste du Espainiako Gobernuak sedizio delitua erreformatzeko egin duen proposamenak "desordena publikoaren kontrako delituak modernizatzearen beharrari" erantzuten diola. "XIX. mendeko araudia da, erabat zaharkituta dago", arrazoitu du.
Magistratuak azaldu duenez, Europako demokrazia modernoek XX. mendearen erdialdean eguneratu zituzten XIX. mendetik zetozen delituok; Espainiako Estatuak, ordea, ez. "Erregimen frankistak eutsi egin zion XIX. mendeko araudi horri, nazioarteko hitzarmenen mailara egokitu gabe", esan du.
Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan, argitu du Espainiako zigor kodean jasotako delituak ez duela "baliokiderik Europako gainerako herrialdeetan", eta horren erakusle dira, Rodriguezen aburuz, "Alemaniako eta Belgikako auzitegiek Puigdemont atxilotzeko Gorenak emandako aginduak betetzeko dituzten zailtasunak".
Horrez gain, adierazi du gaia aztertzeke dutela Europar Batasuneko Justizia Auzitegian. Hori gorabehera, honakoa azpimarratu du Rodriguezek: "Beharrezkoa da zaharkituta dagoen araudi horren pean dauden delituak eguneratzea, ez baitiete gure Zuzenbide Estatuaren egungo bermeei erantzuten".