Politika -
Biktimak eta oroimena
Oroimenaren institutuari baiezkoa eman diote Legebiltzarrean
PP izan da kontra agertu den bakarra. Bestalde, Rodolfo Aresen arabera, Fernandez Diaz ministroa ETAko presoen eta biktimen topaketekin jarraitzearen alde agertu da.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Oroimenaren Institutua abian jartzeko proiektua bideratzea adostu du, nahiz eta PPk eta UPyDk kontrako botoa eman eta EA eta Aralar abstenitu.
Proposamena EAJ, PSE-EE, Ezker Anitza-IU eta Aralarretik kanporatutako hiru legebiltzarkideek aurkeztu dute. Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren helburua esparru horiekin lotutako politika publikoak koordinatzea da.
Testuaren arabera, biktimen oroimenaren ondarea zaintzea, garatzea eta zabaltzea izango de institutuaren betebeharra, bizikidetza demokratikoaren printzipioak eta balioak babestuta. Horrekin batera, giza eskubideak eta bakearen balioak zabaldu, sustatu eta defendatuko ditu.
Gainera, azken ehun urteetan euskal gizarteak "indarkeriak sortutako hiru esperientzia traumatiko" pairatu dituela azpimarratzen du testuak: "Gerra zibila, Frankoren dikadura eta terrorismoa".
Presoen eta biktimen topaketakBestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esandakoaren arabera, ETAko presoen eta biktimen topaketekin jarraitzearen alde agertu zaio Jorge Fernández Diaz ministroa.
Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, Aresek konfirmatu egin du astelehenean ministroarekin hizketaldi laburra izan zuela eta biak bat etorri zirela "elkar ulertzearen aldeko borondatea aurrera ateratzearen garrantziaz".